Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

25 urte dira Lazkao Txiki hil zela

Joxe Miguel Iztueta bertsolari lazkaotarra 1993ko apirilaren 3an hil zen.

  • 3:23 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gaur, efemeridearen tartean, Joxe Migel Iztueta, Lazkao Txiki. 1993ko apirilaren 3an, duela 25 urte, hil zen bertsolari lazkaotarra.

Lazkaomendiko Abaliñe baserrian jaio zen Joxe Migel Iztueta Kortajarena, 1926an. Ataundar batek jarri omen zion Lazkao Txiki goitizena, eta heldutan ere, ume garaian izan ohi den jakin-mina gordetzen zuela gogoan du Iñaki Murua bertsolari eta gai jartzaileak. Ikasle saiatua izan zen eskola garaian, eta langilea etxean, baserrian laguntzen. Soldaduskara joan zen gero, eta itzuli zenean, 23 urterekin, igeltsero aritu zen. Ordurako bazebilen bertsotan: izan ere, 17 urterekin egin zuen bere lehen plaza, Legorretan.

Bertso jardunean zuen sorginkeria nabarmendu du Muruak. Umoretsua zen, bai, baina Lazkao Txikik ez zuen gustuko aldiro pailazoarena egiten jartzen zutenean. Hori zaintzeko ahalegina ere egin zuten gai jartzaileek. Lazkao Txiki elkarrizketatzeko aukera ere izan zuen Muruak. Haren etorriak eta erantzunen argitasunak harritu zuten bereziki.

Hainbat txapelketatan aritu zen lehian, eta Gipuzkoako txapeldun izan zen 1964an. Hurrengo urtean, berriz, txapeldunorde izan zen Euskal Herrikoan, eta bi urte geroago lehiatu zen bere azken txapelketan.

Haren bertso ugari Xenpelar dokumentazio zentroak ditu jasoak. Ezagunenetako bat, ispiluari kantatutakoa. Zaleen zein bertsolarien artean estimatua eta maitatua izan da Lazkao Txiki, eta hala da gaur egun ere. Zendu zen urtean berean, txapela eskaini zion Andoni Egañak Bertsolari Txapelketa irabazi berritan:

Ondorengo belaunaldietara ere iritsi da Lazkao Txikiren arrastoa, besteak beste, ETB1eko marrazki bizidunen bidez. Txikiaren handitasunak presente jarraitzen du.