Faktoria
Eguneko efemeridea
Duela hamar urte hil zen Charlton Heston
Gaur efemeridearen tartean, Hollywoodeko izar bat. Charlton Heston aktorea 2008ko apirilaren 5ean hil zen, 84 urte zituela.
-
Charlton Heston, 1963an. Argazkia: U.S. Information Agency. Press and Publications Service
3:27 min
Gaur efemeridearen tartean, Hollywoodeko izar bat. Charlton Heston aktorea duela 10 urte hil zen, 84 urte zituela.
John Charles Carter, Charlton Heston, duela 95 urte jaio zen Estatu Batuetako Evanston hirian, Illinois estatuan. Antzerki munduak gaztetatik liluratu zuen, eta eskolan erakutsitako trebeziaren ondorioz, unibertsitaterako beka bat lortu zuen, arte dramatikoaren eskolan ikasketak egiteko. Tarte batez ikasketak utzi behar izan zituen, Bigarren Mundu Gerran aireko armadan jarduteko.
Amaren bigarren senar Chester Hestonengandik hartu zuen izen artistikorako izena, eta 1950ean egin zuen debut profesionala zineman, Dark City filmean, Lizabeth Scott lagun zuela. Film horrek ireki zion bidea, eta 50eko eta 60ko hamarkadetan nabarmendu zen Hollywooden. Bere ibilbidean 70 filmetan baino gehiagotan aritu zen, eta pertsonaia entzutetsuak jokatu zituen, hala nola, Moises izan zen Hamar mandamentuak filmean, George Taylor koronela Planet of the Apes lanean, eta El Cid, izen bereko pelikulan. Aipagarrienen artean ere, noski, Ben Hur filma. Judá gisa egindako lanagatik aitortza jaso zuen; izan ere, aktore onenaren Oscar saria eman zioten 1960an. Hunkituta jaso zuen.
Euskal Herria ere bisitatu zuen, eta lehenengo Donostiako Zinemaldiko izarretako bat izan zen. Federico Fellini, Glenn Close, Roman Polanski eta beste hainbat zinemagilerekin batera inauguratu zuen Donostiako zinema jaialdia, 53an.
Zinematik harago, publikoki arrazakeriaren aurka eta eskubide zibilen alde jardun zuen lanean; besteak beste, Martin Luther Kingek bere hitzaldi ezagunena egin zuen manifestazioan parte hartu zuen. 80ko hamarkadan, ordea, ildo kontserbadoreago batera lerratu zen, eta ezaguna egin zen armen kontrolaren aurkako borrokan. Hainbat urtez, Erriflearen Elkarte Nazionaleko presidente zela, armak izateko eskubide librea aldarrikatu zuen.
Eskutan arma bat zuela, bere esaldi ezagunenetako batekin esan zuen agur elkartean egin zuen azken agerraldian: 'Arma hau eskutik kenduko didate soilik nire eskuak hotzak eta hilak daudenean', oihukatu zuen.
2002an endekapenezko gaixotasun bat zuela jakinarazi zuen, alzheimerraren parekoa, eta albo batera utzi zituen ordura arteko egitekoak. Gaixotasun horren ondorioz zendu zen, 84 urterekin. Orduan izar bat gehiago piztu zen Hollywoodeko erakusleihoan.