Faktoria
Ihintz Oliden
'Gatazkak 3.600 lagun hil zituen Ipar Irlandan. Suizidioek 4.600'
Stormonteko akordioak sinatu zirela hogei urte betetzear diren honetan, Ipar Irlandan eta, bereziki, West Belfasten bizi den errealitate gordinaren erretratua egin digu Euskadi Irratiko berriemaileak.
-
27:16 min
Datorren asteartean beteko dira hogei urte Stormonteko jauregian, Ostiral Santuko Akordioak sinatu zirenetik. Ihintz Oliden Euskadi Irratiko berriemaileak Belfasten bizitzen daramatzan urte kopuru bera da hori. Ipar Irlandaren gaur egungo egoera politiko korapilotsuaz eta gizarte arloan bizi den errealitate latzaz mintzatu zaigu baionarra, 'Faktoria'ko elkarrizketa gertukoan. Gizarte langile gisa ondo ezagutzen du eguneroko gordin hori, West Belfast auzo kolpatuan dagoen elkarte batean ari baita, gizarte-langile.
"Hogei urte hauetan, barrikadak desagertu dira eta fisikoki hiria hobetu egin da", esan digu, "baina sakoneko arazoek bere horretan jarraitzen dutela diote bertako biztanleek". Langabezia tasa handia da bertan eta belaunaldi artekoa, da gainera. Olidenenek azaldu digu katolikoei lanik ez zietela ematen gatazkaren urterik gordinenetan eta oraindik ez dutela lanaren kultura berreskuratu ahal izan. "Hogei urteko gazteek ez dute borroka ezagutu baina etsipen handia dago. Ez dute etorkizunik ikusten. Depresio handia dago eta botikekin osatzen du hori. 3.600 pertsona hil zituen gatazkak; eta suizidioek, aldiz, 4.600. Hori asko da Ipar Irlandan", esan digu.
Irlandarren erlijiotasunaz, gaelikoaz, euren etxeko egunerokoaz eta Saoierse alabaren kontakizunek osatu dute Ihintz Olidenekin Iñigo Alustizak izandako elkarrizketa interesagarria.