Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Duela 104 urte jaio zen Kasilda Hernaez anarkista eta feminista gipuzkoarra

1914an jaio zen Zizurkilen, baina Donostiako Egia auzoan pasatu zuen bere bizitzaren zati handi bat borrokalari anarkista eta feminista honek.

  • 3:06 min
imagen player
imagen player
imagen player

Gaur, efemeridearen tartean, Kasilda Hernaez. Duela 104 urte jaio zen anarkista eta feminista borrokalaria.

Zizurkilgo Fraisoroko umezurztegian jaio zen Soledad Kasilda Hernaez, 1914an. Haurtzaroa Zizurkilen eman zuen arren, Donostiako Egia auzoan pasatu zuen bere bizitzaren parte handi bat. Gaztetatik parte hartu zuen mugimendu anarkistan, CNT eta Gazte Libertarioak erakundeetan batik bat, eta Kasi edo Miliziana ezizenekin egin zen ezagun.

1934ko urria zela, kartzela ere ezagutu zuen. Greba deialdi batean atxilotu zuten, eta 29 urteko kartzela zigorra ezarri zioten ekintzetan parte hartzeagatik. Jaizkibel mendiko Guadalupeko gotorlekuan egon zen preso lehenik, eta Alcala de Henaresen gero. Hala ere, urte gutxiago eginda atera zen espetxetik, 1936ko amnistiari esker. Ordutik aurrera Felix Likiniano anarkista izan zuen bidelagun, eta Donostiaren aldeko borrokan jardun zuten sutsuki, faxistek hiria menderatu zuten arte.

Hernaezen figurak emakumeek historian egin duten ekarpena adierazten duela nabarmendu du Arantxa Elizondo Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak. Mugimendu anarkistan aritzearekin batera, emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde jardun zuen. Gogor borrokatu zen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunagatik, eta besteak beste, ingurukoen arreta piztu zuen Donostiako hondartzan biluzik bainatzeagatik.

Egia auzoan estimu handitan dute oraindik. Besteak beste, behin baino gehiagotan eskatu diote Donostiako Udalari haren omenezko kale edo plaza bat jar dezan, baina proposamenak ez du aurrera egin.

Errepublika garaitua izan zenean, erbestera alde egin zuten Likinianok eta biek, eta hainbat gorabeheraren ondotik, Biarritzen hartu zuen ostatu. Liburuetan jasota dagoenez, bikotearen etxean nazien eta frankisten aurkako hainbat ekintza prestatu zituzten, eta pentsamolde ezberdineko euskaldun ugariren aterpe ere izan zen.

1992an, Biarritzen bertan zendu zen Kaxilda Hernaez. Bere hilarrian zizelkatutako esaldiarekin gogoratuko dute beti: Kaxilda, zu zara itzaltzen ez den sua.