Faktoria
Dorota Krajewska
'Hizkuntzalari gisa beti erantzuten dut hizkuntza guztiak berdinak direla'
Poloniako ikerlari gazteak EHUn eskolak ematen dihardu eta Esteve Materraren "Doctrina Christiana" liburuaren edizio kritikoan egin du lan.
-
Dorota Krajewska faktoria
19:55 min
Poloniako Poznan hirian jaio zen Dorota Krajewska duela 32 urte. Hizkuntzalaritza ikasketak egiten ziharduela, "ingelesa eta frantsesa bezalako hizkuntza aspergarriak ikasi beharrean zerbait interesgarriagoa" ikasi nahi zuela eta, irakasle batek euskara ikasteko iradokizuna egin zion. Esan eta egin. Egun, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea da. Hizkuntzaren didaktika, komunikazio-gaitasunaren garapena eta hizkuntza eta literatura ikasgaiak ematen ditu. 2010ean masterra egitera etorri zenetik, Euskal Herrian bizi da. Hizkuntzalari den neurrian, askotan galdetzen diote euskarak zer duen berezia, berak erantzuten du "hizkuntza guztiak berdinak" direla. "Lehendabiziko zailtasunak gaindituz gero, euskara bihurtzen da beste edozein hizkuntza bezain aspergarria", gehitu du. Ikasteko orduan, hala ere, zailtasun handiena ergatiboa izan da berarentzat. Nahiz eta teorian ondo ezagutu, erabiltzerakoan ez da beti hain erraza. Irribarre batekin aitortu digu, baina, eskoletan saiatzen dela, jakina, ergatiboa ondo erabiltzen, gero, bestela, ezin baitie ikasleei konturik eskatu haiek euren idazlanetan ergatiboa jartzen ez badute!
Berriki, Esteve Materraren Doctrina Christianari buruzko edizio kritikoan hartu du parte, Aziti Bihia ikertzaile taldeko kideekin batera. Ustez galdua zen Materraren Dotrinaren lehen edizioa nola aurkitu zuen kontatu digu. Berak aitortu digunez, "Interneten, orduak pasatzen, tesia egin beharrean" zebilela, bilatzailean Materre sartu beharrean Materra idatzi zuen eta Danimarkak Errege Liburutegian ez oso modu txukunean katalogatutako ale baten berri izan zuen. Eta horrela aurkitu zuten 1617ko Dotrinaren lehen edizioko ale hori. Hain zuzen ere, lapurtera klasikoz idatzi zen lehen liburuaren beraren lehen edizioko alea.
"Lehendabiziko edizioa esaten da haurrek dotrina ikasteko erabilia zela", azaldu digu. Bigarrenean ez dira umeak aipatzen. Irakurle guztiei zuzendua dago. Informazio horrek diosku, beraz, interesa bazegoela euskarazko hezkuntza egiteko eta euskaraz irakurtzen zuen komunitate bat bazela XVII. mende hasieran Lapurdin. Guztira, aldaketa askorekin batetik hurrengora, Materraren Dotrinaren bost edizio argitaratu ziren, azkena 1704. urtean.
Ikertzaileek ez dute frogarik, Dorotak nabarmendu duenez, baina esaten da ez ote zuen Materrak (gaskoia omen zen jaiotzez) Axular euskara irakasle eta liburua idazten laguntzaile izan. Ikertzen jarraitu beharko dute... Entzun hemen elkarrizketa osoa!