Itxi

Faktoria

Amaia Izko

'Ez dugu uste fiskalak kalifikazioak aldatuko dituenik'

"Frogatuta geratu da Koxkakoak bapateko zerbait izan zirela, ez, prestatutakoak". Halere, lekuko eta perituen artean interes gehiegi egon dela eta horrek sententzia marka dezakeela uste du Izkok.

"Uste dugu ez direla aldatuko, juridikoak ez diren irizpideetan oinarritutako kalifikazioak izan direlako fiskalarenak hasieratik", esan digu 'Faktoria'n Amaia Izko Altsasuko gazteen defentsa egiten ari diren bost abokatuetariko batek. Terrorismo delituari dagozkien zigor eskaerak espero dituzte, beraz, Altsasuko gazteen kontrako epaiketaren amaieran. Gaur bukatuko dira perituen deklarazioak eta gaur-biharretan hasiko dira aldeak euren ondorioak aurkezten.

Izkoren arabera, "frogatuta" geratu da epaiketan "egitateek ez zutela prentsan agertu zen tamaina izan, ez biktima moduan agertzen diren laurek marraztu nahi duten larritasunik ere", eta terrorismoaren elementuari heldu ahal izateko, "zeharkako frogak" eta "interpretazio bitxiak" erabili dituztela iritzi dio.

Akusatuen defentsa eskubidea behar bezala bermatu ote den galdetuta, abokatuak erantsi du, "beste erremediorik izan ez dutelako" onartu behar izan dituztela frogak ahozko epaiketaren atalean, baina, zehaztu du "hemen, lekukoen artean, peritu moduan aritu direnen artean eta tribunalean interesak dituzten gehiegi" egon dela eta horrek "markatu dezakeela azken sententzia".