Faktoria
Maite Peña
'Salaketa oso larriak dira. Diputazioaren egiteko ona jarri da zalantzan'
'Bidean' egoitzari buruz salatu direnak "berehalakotasunez" ikertuko direla azpimarratu du eta ondorioak hartuko direla: "Egia badira, oso larriak dira eta gezurra badira ere oso larriak dira".
-
9:17 min
"Aztertuko dugu, ikertuko dugu eta, nola ez, neurriak hartuko ditugu horrelakorik errepikatuko ez dadin", adierazi du Maite Peña Gipuzkoako Gizartekintza diputatuak, 'Bidean' egoitzan tratu txarrak jasan dituzten emakumeei emandako tratuari buruz mugimendu feministak egindako salaketen biharamonean. Jakinarazi du, joan den abenduan, egoitzaren egokitasunari buruzko kexa bat jaso ondotik abiatu zutela inspekzio arrunt bat eta egoera bideratzeko neurriak bidean direla: horien artean egoitzaren aldaketa, lehentasunez.
'Faktoria'k egindako galderei erantzunez zehaztu du, elkarren ondoan ez dauden 50na metro kuadroko bi pisuk osatzen dutela zortzi lagunentzako egoitza eta horrek zailtasunak sortzen dituela harremanetan. Hala ere, atzo mugimendu feministaren ahotik emakumeek egin zituzten salaketak "oso larriak" direla iritzi dio eta horrelakorik ezin dela errepikatu". Tratu txarrak jaso dituzten emakumeei Gipuzkoan "oso artatze ona" ematen zaiela defenditu du eta ez dutela onartuko gehiago, Gipuzkoako Diputazioaren egiteko ona zalantzan jar dadin: "Egia badira, oso larriak dira eta gezurra badira ere oso larriak dira".