Faktoria
Eguneko efemeridea
Gaurko egunez hil zen Andres Espinosa euskal mendizaletasunaren aitzindaria
1985eko maiatzaren 16an hil zen Euskal Herriko alpinista eta abenturazale handienetako bat.
-
3:29 min
Gaur efemeridearen tartean, euskal mendizaletasunaren aitzindari ahaztua. 1985eko maiatzaren 16an, duela 33 urte, hil zen Euskal Herriko alpinista eta abenturazale handienetako bat: Andres Espinosa.
Andres Espinosa 1903an jaio zen Zornotzan, merkataritza ikasketak egina, aitaren ohialgintza enpresan hasi zen lanean, baina pasio mendia zuen, berak zioen moduan "sukar mendizalea" zuen. Euskal Herriko mendietara lehenik eta ondoren iberiar penintsula eta Alpeetara egin zuen. Bakarrik, gidaririk gabe, 1929an alpeetan lortu zuen balentriak sona izan zuen garai hartan. Ausardiak gidatzen zuen Espinosa, Antton Iturriza mendi kazetariak esan digunez.
1930ean, oihalgintza enpresako zatia saldu eta erotzat jotzen zutenei jaramon egin gabe, bidaiatzeari ekin zion. Afrikara jo zuen eta Klimanjaro bakarrik igotzen lehena izan zen besteak beste. Eta 1931an Himalaiara ere bidaiatu zuen, Kanchenhunga zuen begiz jota, 22 egun itsasontziz ibili eta abentura mordo baten ostean iritsi zen mendi magaletara baina garaiko agintari ingelesek baimena ukatu zioten.
Gizon ikasi eta jantzia, arte kritikoa ere izana zen eta bere bidaien inguruan idazten zuen gazteleraz Pirineyca eto garaiko beste aldizkari zenbaitetan. Sentiberatasun handiko idatziak direla dio Iturrizak.
Andeetara joatea pentsatzen ari zela Francoren altxamendua lehertu zen eta hark mugarria ezarri zuen Espinosaren bizitzan. Gudari gisa gerrara joan zen, atxilotu eta espetxean ere izan zuten. Geroztik ez zuen Euskal Herritik kanpoko espediziorik egin eta bizitza erabat anonimoa izan zuen zuen, ez zitzaion jendaurrean agertzea gustatzen, eta horrela ahanzturan murgildu zen bere izena.
Euskal mendizaletasunaren aitzindari ahaztua, duela 33 urte zendu zen Andres Espinosa gogoan…