Faktoria
Eguneko efemeridea
Duela 80 urte izan zen Ezkabako San Kristobal espetxeko ihesa
Euskal Herriaren historiako pasarte ilun hori 1938ko maiatzaren 22ko gauean izan zen. Ihes egin zuten preso ia guztiak, ostera, harrapatu egin zituzten, eta berrehundik gora, hil.
-
3:57 min
1938ko maiatzaren 22ko gauean, 25 bat presoko sailak, afal ordua baliatuta, mendean hartu zituzten frankistek espetxe gisa moldatu zuten San Kristobal gotorlekuko kartzeleroak. Urtebetetik gora zeramaten bertan baldintza penagarrietan. Iñaki Alforja adituak esan digunez, 800 presorentzat pentsatutako espetxean 2.500 zeuden, guztiak errepublikar abertzale, edo anarkistak. Ihesa antolatu zutenak komunistak izan ziren, Bizkaia eta Valladolidekoeak. Gotorlekuaren kontrola hartuta preso guztiei ihes egiteko aukera eman zieten baina 700 pasak soilik jo zuten Ezkaba mendian barrena. Asko zapatarik gabe, ahul eta goseak, ez zen erabaki erraza.
Valentin Elorza gatikar presoa, esterako, ustekabean harrapatu zuen ihes egiteko aukerak, baina Iruñetik zetozen militar mordoa ikusita ez zuen urratsa eman, eta ondorengo gertakariek arrazoi eman zioten Valentin Elorzari, ihes egin zuten 795 presotatik 200dik gora ihesean zirela tiroka hil zituzten, 585 atxilotu eta horietako 17ren bat ondoren epaiketa militarrean fusilatu.
Uste da soilik 3k lortu zutela Ipar Euskal Herrira iristea. Ezkaba mendiko espetxe inprobisatu hark 1945 arte jarraitu zuen eta, bizi baldintza kaxkarren erruz, 8 urteko epean 305 preso hil ziren. Itxiera ez zuten gainera giza arrazoiei begira erabaki Alforjak azpimarratu duenez; besteak beste, Ezkabako presoek egin zuten Zaraitzu eta Erronkari arteko bidea, eta ondoren ahanztura inposatua etorri zen.
1988tik Txinparta memoriaren aldeko taldeak urtero gogoratzen du gertakaria, baina oroitarria behin eta berriz txikitu dute urteotan. Oroigarri berria jarri berri dute, sendoagoa, inguruko Udalek ordainduta. Ez dezaten ostera ere txikitu bertan izan ziren gizonen memoria.