Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

San Antonio eguna

Gaur efemeridearen tartean, egunari erreparatu behar diogu: ekainaren 13a da gaur, San Antonio eguna, festa egun handia Urkiolan.

  • San Antonio eguna

    3:46 min
imagen player
imagen player
imagen player

Audioak (1)

Ekainaren 13a, San Antonio, festa egun kuttuna Urkiolan. Esanahi bereziko lekua euskaldunentzat, eta tradizio luzekoa. X eta XI. mendeetik aurrera kostaren eta barnealde edo mesetaren topagune, erromes eta erromeria leku izan da, Antonmari Aldekoa Otalora ikerlariak esan digunez. Ziur harriari bueltaka ibiliko direla gaur ere hamaika lagun, baina ba al zenekiten ohitura hori jolas modura duela 40 urte inguru sortu zela?

Gaur egun, askok harriarekin lotzen dugu San Antonio eguna. Zenbait lekutan harria Urkiolara 1929an iritsi zela jartzen duen arren, orduan mugitu egingo zuten, baina harri hori, aspalditik zen Urkiolan. Pentsa, Jose Mari Iparragirrek ere bere gainean kantatu zuen.

Eta nondik dator ba harriari bueltak emateko ohitura hori? Ze tradizio idatzik agintzen ote du? Guztia jolas moduan hasi zen, eta tradizioak… tradizio bada, ez du mende erdi ere. Beste urte batez mutil zahar jarraitu nahi zuten durangarrak hasi ziren harriari bueltaka, eta, hara paradoxa, itzuli horiek, hedabideen hauspoa lagun, bikotea bilatzeko itzuli bihurtu dira 40 urte geroago. Kasik mendeetako tradizioa bailitzan.

Baina San Antonio eguna harria baino askoz gehiago da oraindik askorentzat, Durangaldean bereziki, bat baino gehiago dira oinez bidea egiten dutenak goizaldean abiatuta, eta bikote bila bazabiltzate egon trankil, Antonmari Aldekoa Otalorak berak andrea Urkiolan ezagutu zuen, harriari itzulirik ematen ez zitzaion garaian.

Egunaz eta inguruaz gozatzea baita kontua bueltaka mareatu gabe…