Itxi

Faktoria

Eguneko efemeridea

Gaurko egunez hil zen Vicente Ferrer

Indiako anantapur eskualdean bi miloi pertsonaren bizi baldintzak hobetu zituen kataluniarra duela 9 urte hil zen, 2009ko ekainaren 19an.

  • 3:21 min
imagen player
imagen player
imagen player

Vicente Ferrerren bizitza, ezohiko bizitza da. 1920an jaioa, 16 urte bestetik ez zituenean Langileen Alderdira afliatu eta Francoren altxamenduaren aurka gerrara joan zen. 38an, Ebroko baitailan parte hartu zuen eta, ondoren, Frantzian eta Espainian kontzentrazio esparruetan izan zuten.

1944an Jesusen lagundian sartzea erabaki zuen eta lagundiak bultzatuta, 52an Indiara joan zen misiolari, bizitza aldatu zion bidaia. Bertan, txiroenekin hasi zen lanean. Garaiko agintariek ordea mehatxu gisa ikusten zuten Ferrerren lana, herrialdeko ordena zalantzan jarriko zuelakoan eta 68an egotzi egin zuten. 69an ordea, itzuli egin zen, Anantapurrera joan zen eta geroztik ez zen bertatik aldendu. 70ean Anne Perry kazetariarekin ezkondu zen eta lagundia utzi egin zuen baina ez txiroenekin hasitako lana, areagotu baizik. Anantapur eskualdea Indiako zonalde txiroenetako bat da eta han Dalia giza taldearekin lan egin zuen bereziki Ferrerrek, kasta baxuena dira, paria gisa kontsideratuak; Ferrer fundazioko kide Maria Zulaikak eman zizkigun azalpenak.

Gaur egun Indiako konstituzioak debekatu egiten du kasten sistemagatiko bereizketa baina landa ingurunean urrun dago errealitate hori egia izatetik. Ferrerrek,  talde txiki batekin hasita, lan integrala egin zuen, aipatu moduan, txaboletan bizi zirenentzako etxe duinak egiteaz gain, ospitaleak, nekazal sendagileak, eskolak eta bereziki nekazaritza biziberritu zuten, erabat lur lehorra zenean 3 miloi zuhaitz aldatu dituzte urteotan lurra emankor bihurtuz. Osotasunean lan egiten jakin izana azpimarratu du Zulaikak.

Urtez urte proiektuak handitzen joan zen… Ferrer hil zenerako bi miloi eta erdi pertsonaren bizi baldintzak hobetzeko gai izan ziren. Vicente Ferrer ez zen teoria handien zale, praktikena baizik, ekintza onak egitea zuen helburu. Sari asko eman zizkioten bizitzaren azken urteetan.

Gaur egun Vicente Ferrer izeneko fundazioak lanean jarraitzen du eta alargunarekin batera Anantapur bertako petsonak dira proiektuaren arduradun. Izan ere, bertakotzat zuen jada bere burua Vicente Ferrerrek, Anatapurren hil zen duela 9 urte, 2009ko ekainaren 19an, inguruko herritarren bizitza hobetu izanaren lasaitasunarekin….