Faktoria
Eguneko efemeridea
Imanol Larzabal gaurko egunez hil zen
Duela 14 urte hil zen ahots sarkorreko kantari donostiarra.
-
6:07 min
Gaur efemeridearen tartean, euskal kantagintzaren izen handietako bat: Imanol Larzabal.
Imanol 60ko hamarkadan hasi zen kantatzen. Frankismoari izkin egiteko, Meixel Etxegarai izenean atera zuen lehen diskoa, ordurako atxiloaldia eta espetxealdia ezagutuak zituen. Izan ere, Maite Berzosa lagunak gogoan duen bezala, Imanolek argi zuen protesta kantuena zela bidea, hala zioen: “jendeak ez zuen kontzentziarik, hori esnatzeko kantuak egin behar ziren eta horregatik hasi nintzen”.
71n erbestera egin behar izan zuen. Parisen Paco Ibañezekin harreman berezia ondu zuen. 77an, amnistiarekin batera hego Euskal Herrira itzuli zenean, profesionalagoa zen Imanol. Eta 80ko hamarkada oso oparoa izan zen berarentzat, ia urtero disko bat kaleratu zuen. Oparoa bezain nahasia, ordea. 85ean Martutenen eman zuen kantaldi bat baliatuz Imanolen bafleetan sartuta ihes egin zuten Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabea presoek. Hurrengo urtean berriz, ETAk Yoyes hil zuenean salatu egin zuen Yoyesen aldeko kantaldian parte hartuz, eta horrek mehatxupean jarri zuen.
2000. urtean Alacantera joan zen bizitzera, ordurako azken bi diskoak gaztelaniaz abesteari ekin zion, poeta ezagunen letrak jasoz. 20 diskotan ondare ezin aberatsagoa utzi digu.
Uda betean, ezustean esan zigun agur Imanolek, buruko isuri batek eraman zuen Alacanten zela 2004ko ekainaren 25ean, duela 14 urte. Herri honen bizi grinak, zauriak eta ezin ikusiak hezur haragitan bizi izan zituen kantaria, etxe honetan musika saio baten arduradun ere izan genuena, 14 urte Imanol Larzabalen ahots sarkorra mututu zenetik