Itxi

Faktoria

Gorka Urtaran

'Marotorengandik oso gertu dago Casado. Oportunismo hutsa da eurena'

Ama Zuriaren jaietan dagoen giro ona azpimarratu du Gasteizko alkateak. Erronka berriei dagokionez, ez du baztertu Salburuan ere, epe luzera, trenbidea lurpean sartzea

  • 23:08 min
imagen player
imagen player
imagen player

'Oportunismo hutsa'. Hala iritzi dio Gorka Urtaran Gasteizko alkateak atzo, Ama Zuriaren festetan, Pablo Casadok egin zuen agerraldiari eta bertan polizia gehiegikeriak ukatuz egin zituen adierazpenari. 'Guk oso ondo ezagutzen dugu Maroto eta Casado oso gertu dago berarengandik' zehaztu du. 'Denok dakigu', jarraitu du, 'gehiegikeriak izan direla, pairatu egin ditugu; eta ez da guk bakarrik esaten dugun zerbait. Europa mailan ere, hainbat eta hainbat erakundek esan dute abusu polizialak egon direla, gehiegikeriak izan direla eta torturatu egin dela", azpimarratu du Urtaranek gaur goizen Faktorian egindako elkarrizketan. ETAko Presoen hurbilketaz PPko presidenteak esandakoak entzunda, erantsi du presoen eskubidea dela zigorra etxetik gertu betetzea, 'hilketak denek gaitzesten baditugu ere'.

Ama Zuriaren jaien hirugarren egunean, orain arte festetan izan den giro ona azpimarratu du, eta gehitu, asteburuan sexu ukituak egiteagatik izan den salaketa eta atxiloketa izan direla giro hori lausotu duen bakarra. Gertakari horretaz nabarmendu du, era berean, herritarrek erasotzaileen kontra izandako jarrera eta "sentsibilizazioa gutxinaka-gutxinaka emaitzak ematen ari" dela iritzi dio.

Gasteizek aurrera begira dituen erronkei buruz ere mintzatu da alkatea. Alde horretatik AHTaren iritsierak hiriari ekarriko dion aldaketa nabarmendu du, eta ez du baztertu, Salburuan ere, epe luzera, trenbidea lurperatzea. 'Momentuz, 3,6 kilometro sartuko ditugu lur azpian. Kostu handia du eta, momentuz, dena batera ezingo da egin baina uste dut bigarren fase batean, aukera izango dugula Salburuan ere trena lurpean sartzeko", zehaztu du.