Faktoria
apustu etxeak
Legezko mugara iritsi da apustuen etxe kopurua Euskal Autonomia Erkidegoan
Codere etxeak zabalduko duen hurrena izango da azkena, Eusko Jaurlaritzako Ikuskizun eta Jokoen zuzendaritzak jakinarazi duenez
-
7:04 min
Jone Larrañaga
Legeak aurreikusten duen mugara iristear da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako apustu-etxeen kopurua. Hamar urte beteko dira oraintxe Reta-k Euskal Herriko lehen apustu-lekua zabaldu zuenetik eta Jaurlaritzak Euskadi Irratiari jakinarazi dionez, Codere-k zabalduko duen hurrena izango da azkena.
Hiru lizentzia eta lizentzia bakoitzeko, 25 apustu etxe. Horiek dira apustu etxeak arauntzen dituen dekretuak ezartzen duen muga. 'Bakoitzak ireki ahal izan zituen honenbeste eta iritsi gara kopuru horretara. Bat bakarra falta da', egiaztatu du Jon Agirre Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Bizkaiko ordezkariak. Oraindik 150 apustu makina gehiago jartzeko marjina geratzen da, baina apustu etxe gehiago irekitzeko ez. 'Hemendik aurrera, ezingo da gehiago zabaldu. Hortik aurrera litzateke, bat itxi eta bestea ireki'.
2100 apustu makina, 33 milioi apustu, eta apustu etxeei 40 milioi eurotik gorako irabazi garbiak uzten dituen negozioa da. Hortik kanpora geratzen dira, internet bidez kanpoko enpresetan egiten diren apustuak.
Hamar urte hauetan izan duten zabalkundea nabarmendu du Jose Antonio Martin Retabet-eko Operazioen zuzendariak. 40 langilerekin hasi ziren eta 400 dituzte gaur egun, interneten zabaldu dira, eta merkatu horretan eta atzerrian handitzen jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi dute.
Negozio bolumena handitzearen batera, ari dira hazten, baita ere, dependentzia salaketak batetik eta jokoa sustatzen duten enpresa hauen kontrako kanpainak, bestetik. Azpeitian joan den hilean 'Elkar-ekin' eraldaketa sozialerako elkarteak deituta egin zen protesta eta beste hainbat herrietako jaietan ere ikusi dira pankartak. Mikel Ruiz Oar-Arrieta Bilboko Gazte Prekarioen 'Eragin' batzarreko kide da eta salatu du, propio ari direla enpresa hauek langile, etorkin eta gazteen inguruetara jotzen bezero bila. 'Lehen normalena zen Indatxun, Bilbon eta inguruetan egotea apustu etxeak. Baina, adibidez, zabaldu dute Iralan, inolako komertziorik ez dagoen lekuan, gazte lokalen inguruan. Eta baita ere, etorkinak dauden lekuetan: adibidez, San Franciscon, Zalbalbun edo Autonomia kalean'.
Lehen mailako euskal futbol taldeetako sponsorizazioak ere salatu dituzte, Realak ez beste denak dituzte-eta babesle apustu etxeak. Retako arduradunen arabera, ordea, neurriz kanpo ari da ateratzen eztabaida. 'Badakigu inbertsore eta publizitateari buruzko eztabaida kalean dagoela Baina kontutan hartu behar dugu, gehien gastatzen duten enpresak ez direla hemengoak, kanpokoak direla", esan du Martinek. Zera erantsi du: 'Modan dago apustu etxeen kontra hitz egitea. Ia ia deabruak gara, baina ez da hainbesterako'.
Jaurlaritzako Segurtasun sailak zehaztu du, behin apustu etxeen zabalkunde prozesua bukatuta, apustuak egiteko joera handitzen ari den edo ez datu errealekin zenbatu ahal izango dutela.