Faktoria
MUSIKA
'Diru asko gastatu gabe gauza handiak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu'
Opus Liricak opera-denboraldia antolatu nahi du Donostian. Momentu honetan egoera larrian dago zor ekonomikoak direla eta. Ainhoa Garmendia, Opus Liricako ordezkaria, elkarrizketatu du 'Faktoria'k.
-
Ainhoa Garmendia
14:53 min
Opus Lirica elkarteak, Donostiako instituzioekin elkarlanean, opera-denboraldi bat antolatu nahi du Gipuzkoako hiriburuan. Momentu honetan egoera larrian dago elkartea zor ekonomikoak direla eta. Ainhoa Garmendia, Opus Liricako ordezkaria, elkarrizketatu du 'Faktoria'k.
Foru Aldundiak emandako 25.000 euroko diru-laguntza jasotzen du elkarteak, "ez da nahikoa denboraldia mantentzeko", adierazi du Garmendiak. "Diru horrekin aurrera egin beharko bagenu, kalitatea jaitsi beharko genuke". Gauzak ondo egin nahi dituztela nabarmendu du.
Aldundiaren diru laguntzaz aparte, udaletxeak Kursaala eta Victoria Eugenia Antzokia doan uzten dizkietela baieztatu du elkartearen ordezkariak, baina sortzen diren gastuak elkarteak ordaindu behar dituela esan du.
Antolatu nahi duten opera denboraldian "bertako jendearekin" lan egin nahi dutela azaldu du, eta ez egindako produkzioekin: "diru asko gastatu gabe gauza handiak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu". Horrelako opera txiki bat Victoria Eugenian egiteko, 90.000-100.000 euro bitartean behar dituztela adierazi du, "handiagoa denean, oso zaila da 120.000 eurotik jaistea".
Eusko Jaurlaritzak esaten dio EAEn Bilboko opera denboraldia nahikoa dela. Garmendiak dio ez direla "Bilboren konpetentzia. Ez dugu nahi beste Bilbo bat egin Donostian. Zergatik ez dugu opera eduki behar Donostian?". Donostiako sarrerak Bilbokoekin alderatuz, merkeagoak direla nabarmendu du. Donostian sarrerek 70 euro inguru balio dituzte. "Egoera dagoen bezala igo beharko lirateke prezioak, baina udaletxeak eta Kursaal eszenak ez digute uzten.
Finantziazioari dagokionez, diru-laguntzaz aparte, %90 sarreren bidez lortu dute, Ondoren babesle txiki batzuk izan dituztela adierazi du asko jota 4.000 euro eman dizkietenak.
Elkartasun kontzertua, urriaren 19an
Donostiako Orfeoiak bat egin du Opus Liricarekin. "Luxu eta ohore handia da Donostiako Orfeoiak gure proiektua babestea". Urriaren 19an Orfeoiak elkartasun kontzertu bat eskainiko du Kursaal Auditorioan, arratsaldeko 20:00etan.
Sarrerak leihatilan eta internet bidez eros daitezke.