Faktoria
Aitor Zabaleta harmaila
Iker Zabaleta: 'Guretzat oso pozgarria da eta oso harro gaude'
Anoetako estadio berrituan, hegoaldeko harmailak Aitor Zabaletaren izena eramango du hemendik aurrera. Haren anaiak, Iker Zabaletak, pozez eta hunkituta hartu du berria.
-
5:36 min
Emozio handiko asteburua izan da hau realzaleentzat, berritutako Anoetan lehen partida jokatu duelako Realak. Ez zuen irabazterik izan Barçaren kontra, baina taldeak erakutsitako jokoarekin gustura geratu ziren zaleak.
Imanol Agirretxeren izenak hartu zuen nagusitasuna, taldearen eta jarraitzaileen omenaldia jaso zuelako. Eta horren ondoan beste izen bat ere bai: Aitor Zabaleta. Izan ere, hegoaldeko harmailak Aitor Zabaleta izena eramango du hemendik aurrera, peñek eta klubak horrela adostuta. “Guretzat oso pozgarria da eta oso harro gaude”, aitortu digu Iker Zabaletak, Aitor Zabaleta zenaren anaiak: “oso egun polita izan zen, juntatu ziren gauza asko”.
1998 labankadaz erail zuten Aitor Zabaleta, Realaren eta Atletico de Madrilen arteko partida baten aurretik, Madrilgo Vicente Calderon estadioaren inguruetan. Bastion taldeko Ricardo Guerra zigortu zuten erailketagatik.
Iker Zabaletak, baina, gaineratu du beti geratu direla "justizia falta" sentsazioarekin: "bere garaian ez zen justizia egin. Ez dakit zein interes egongo ziren. Azkenean ez zen bakarrik hiltzaile bat egon, hiltzaile talde bat izan zen eta euskaldunen kontrako ekintza bat izan zen. Beste edonori tokatu ahal zitzaion", esan du. "Jende hori inpunitatez bizi izan direla eta jarraitzen dutela oraindik. Agian, orain klubek kontzientzia pixka bat hartu dute, eta gaur egun horrelako jendilajea ez da interesatzen klubetan egotea, baina badaude eta neurriak ez badira hartzen zerbait gerta daiteke berriz ere", gaineratu du.