Faktoria
Juan Mari Aburto
'Txanponaren bi aldeak dira: MTV bezalako ekitaldiak eta politika sozialak'
Aste honetako ekitaldiek 44 milioi euroko eragin ekonomikoa izango dutela gogoratu du Bilboko alkateak eta, diru sarrerak handituta, bertan eta laguntza sozialetan inbertitu ahal izango dela.
-
18:36 min
'Guk baditugu begirada bi: kanporakoa eta barrurakoa ere bai', esan du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur goizean 'Faktoria'n. Alde horretatik baztertu egin ditu mota honetako ekitaldien kontra altxatu direnen ahots kritikoak: 'Bata egiten baduzu, egin liteke bestea ere. Bertako kultura egunero bultzatzen dugu'. Alkateak azaldu du MTVrekin lotutako ekitaldiek 44 milioi eurotako eragin ekonomikoa izango dutela hirian, horrek garapen ekonomikoa eta diru sarrerak handitzea dakarrela, eta horiek horrela, auzoetan eta gizarte laguntzetan inbertitu ahal izango dela: 'Txanponaren bi aldeak dira', iritzi dio.
Horrelako ekitaldiak edukitzearen beharra defendatu du eta, helburu hori lortu ahal izateko, derrigorrezkoak dituela hiriak bi gauza: 'garbitasuna eta segurtasuna'. Aste honetan egingo diren ekitaldietarako handitu egingo diren neurriez gain, iragarri du auzoetan bizikidetza bultzatzeko segurtasun neurriak ere ugaritu egingo dituela aurrera begira. Aurten 130 udaltzain berri gehitu dituztela gogoratu du eta datorren urterako beste 150 plaza gehiago deituko dituztela. 'Segurtasun da gure lehen lehentasuna", gehitu du.
AHTari buruz, tren lasterra Bilbora aurreikusitako epeetan iritsiko den esperantza agertu du eta Zorrozaurren espero bezala doazela aurre ikuspenak: 'Irlan proiektu berriak abiarazteko unea da orain eta hurrengo urtean hasiko dira etxebizitzetarako lizentziak banatzen'. Horiek bideratuta direla, Bilboren proiektu berri eta inportanteena 'auzoak' direla berretsi du Aburtok.