Faktoria
Eskolaz kanpoko ekintzak
'Programatu gabeko denbora, jolasteko denbora behar dute haurrek'
Kezka sortzen dute hezkuntza alorreko profesional eta guraso askoren artean gehiegizko ekintza kopuruak. Ekintza hauek ordain ditzaketen eta ezin ditzaketen familien artean arrakala sor daiteke.
-
26:09 min
Eskola orduak amaitutakoan ez da amaitzen ikasleen jarduna. Eskolaz kanpoko jarduerak iluntzera arte izaten dituzte haur eta gazte askok, musika eskolan, ingeles klaseetan, marrazketan edota kirol jardueretan.
Onurak izan ditzakete jarduera horietako askok, baina kezka ere badago gehiegizko ekintza kopuruagatik. Nekea eta hiper-estimulazioa dira aipatzen diren arriskuetako batzuk.
Jarduera hauek ordaintzeko baliabideak dituzten familien eta ordaindu ezin dituztenen artean desberdintasunak areagotu egiten dituzte bestalde, arrakala soziala belaunaldi batetik bestera iraunaraziz. 'Faktoria'n, gaiari heldu diogu, hainbat adituren iritziak bilduta.
Iñigo Salaberria, HEIZE ikastetxe zuzendarien elkarteko presidentea, eta Maite Asensio, Urtxintxa aisialdi taldeko hezitzailea, bat etorri dira esaterakoan, ikasketa ekintza gutxiago eta jolasteko denbora gehiago behar dutela haurrek.
Inger Enkvist Suediako Lundeko unibertsitateko katedradunak 'Faktoria'n azaldu digunez, programatu gabeko denbora uztea beharrezkoa da ikasleek denbora izan dezaten irakurtzeko eta familia bizitzarako.
Euskal Autonomia Erkidegoko 64 institututan martxan dagoen Hauspoa egitasmoa, eta baliabiderik gabeko ikasleei laguntza ematen dien Hazi eta Hezi programa ere ezagutu ditugu.