Itxi

Faktoria

ASTELEHENEAN

Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburua, 'Faktoria'n

Bestalde, Greziako Lesbos uhartean gerratik ihesi bertaratutako errefuxiatuei laguntzen ibili den Idoia Moreno erizainak bere esperientziak kontatuko dizkigu.

Eusko Jaurlaritzak 2019ko aurrekontuen zirriborroa sailez sail aurkeztuko duen astean, 'Faktoria'ra etorriko da Pedro Azpiazu, Ogasun eta Ekonomia sailburua. Datorren urterako aurrekontuak onartzeko hainbat alderdirekin hasita dauden harremanei buruz eta euskal ekonomiaren garapenaz galdetuko diogu Azpiazu sailburuari.

Azaroaren 5a izanik, Zibersegurtasunaren Eguna ospatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko zibersegutasun erakundeak. Javier Dieguezek, erakundeko zuzendariak emango dizkigu hitzordu horretako xehetasunak.

Nazioarte mailan, datorren asteko hitzordu nagusia izango da Estatu Batuetan asteartean egingo diren hauteskundeak. Agintaldi erdiko bozak dira “mid term” delakoak, Kongresu osoa, senatuaren herena eta 36 gobernadore aukeratu beharko dituzte. Donald Trumpen jarraitzaileen indarra zenbatekoa den jakiteko balioko du. Mikel Aramendi nazioarteko adituak  hauteskunde horietako gakoak emango dizkigu.

10:00etan hartuko du lekukoa Manu Etxezortuk magazina martxan jartzeko. Kirol tertuliarekin hasiko da saioa, Ane Urkirik eta Andoni Urbistondok asteburuak utzitakoa errepasatuko baitute. Ondoren, adineko pertsonari zertan lagun diezaiokegun azalduko digu Matia fundazioko Ainhoa Arrillagak. Jarraian, Japoniatik sartuko zaigu Zigor Iturrieta ETB1eko 'Chiloé' saioko gidaria. 11:30ean, elkarrizketatu dugu Idoia Moreno, Lesbosetik bueltan.

12:00etan, Santurzine jaialdian Motorastola film laburrarekin saridun izan zen Ane Lindane ezagutuko dugu. Azkenik, liburu gomendioa ekarriko digu Ylenia Benitok.

Gogoratu! 07:00etatik 13:00etara izango dugu martxan 'Faktoria'.