Faktoria
Amiantoaz epaia
Otsanda Tolosa: 'Errekonozimendu morala nahi dugu amiantoaren biktimentzat'
Duela 10 urte biriketako arazo batengatik hil zen Celestino Tolosa, Otsandaren aita. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak baieztatu du amiantoarekin lan egiteatik garatutako gaixotasunagatik hil zela.
-
14:24 min
Celestino Tolosak, Xarrak, biriketako arazoak izan zituen bere bizitzako azken urteetan, eta 1999an, artean CAFen lanean ari zela, gaixotasun arruntagatik laneko ezintasun iraunkorra eman zioten. Aurrez, 26 urte egin zuen lantoki horretan, eta bere baitan beti izan zuen susmoa bere lanak eragin ziola gaixotasuna. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak horrela izan zela baieztatu du.
Epaiak frogatutzat eman du Celestino Tolosa amiantoaren eraginez hil zela. Epaia oso garrantzitsua izan da familia irundarrarentzat, batetik, aurrekaria sortu duelako beste familia batzuentzat; eta, nola ez, aitak zuen susmoa baieztatu egin delako, alegia, bere gaixotasunak zerikusi zuzena zuela bere lanarekin. Otsanda Tolosak adierazi digu garaipen bikoitza izan dela eurentzat, "izugarrizko poza dugu".
Otsandak bere aitaren historia kontatu digu, "80ko hamarkadan hasi zen aita gaixotzen, sukar handiak zituen eta ez zekiten nondik zetorren". Biriketako gaixotasun obstruktibo kronikoa diagnostikatu zioten, eta laneko ezintasuna eman zioten 1999an, baina oinarrizko gaixotasunagatik, ez zioten laneko gaixotasuna zela aitortu."Berak beti izan zuen susmoa, bere lanaren eraginez izan ote zen, baina orduan ez zegoen amiantoaren inguruko informaziorik".
Aitak bere birikaren zati bat gordetzeko eskatu zion medikuari, "beti izan zen gaixo kontziente, bere gorputza ondo aztertu behar zela uste zuen". Otsandak kontatu digu, amianto kasuak agertzen hasi zirenean, eurak aztertzen hasi zirela, eta hainbat bide jorratu ostean, aita ingrestatu egon zen ospitalera jo zuten. Valdecillaseko ospitalera idatzi ostean, bertako medikuek kontatu zieten aitaren birikaren zati bat gordeta zutela, eta pieza ikertu ostean baieztatu zuten amiantoaren eraginez garatu zuela gaixotasuna aitak.
Otsandak argi du "gure borroka aitari zor diogun omenaldia da, bera borrokalari hutsa zen, eta guk bere testigua hartu nahi izan dugu".