Faktoria
Josu Erkoreka
'Espainia estatu demokratikoa ez dela esatea jauzi handiegia da'
Erkorekaren iritziz, hala ere, Bateragune auziko sententziak erakusten du hutsuneak badirela, eta bideratu egin behar direla. Politikaren judizializazioari buruzko gogoeta eskatu du.
-
25:24 min
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak 'Faktoria' albistegian esan duenez, Bateragune auziko epaiaren ondoren gogoeta orokor bat egin beharra dago politikaren judizializazioari buruz. Sententzia Espainiaren kontrakoa izanagatik, bere ustez, jauzi handiegia da esatea Espainia ez dela estatu demokratikoa. Europan estatu gehiagok ere jaso dituztelako euren aurkako sententziak Estrasburgotik, eta dioenez, horregatik ez delako euren demokrazia zalantzan jartzen.
Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuei buruz Erkorekak esan du Ogasun saila ahaleginak egiten ari dela EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk egindako proposamenak bideragarri bihurtzeko. Adierazi du Lehendakariak sailburu guztiei egin diela eskaria aurrekontuak onar daitezen ahalegina egin dezaten. Argitu du aurrekontuak onartuko ez balira sektore publikoko langileei agindutako %2,25eko soldata igoera eta Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren eguneratzea ezingo lirateke gauzatu.
Erkorekak, bestalde, argi adierazi du oraindik ez duela hitzordurik Meritxell Batet Espainiako Lurralde Administrazio ministroarekin batzarra egiteko Gernikako Estatutuak aitortu baina Euskadira ekarri ez diren eskumenen inguruan hitz egiteko. Azaroko lehen hamabostaldian batzarra egingo zela adierazi zuen Batetek, baina ez dago hitzordurik finkatuta. Erkorekaren esanetan, hitzordua finkatu aurretik akordioa bideratua egon behar da eta dokumentazioa trukatzen hasita dauden arren, gai asko daude isteko.