Faktoria
Maddalen Iriarte
'Kostako zaio EAJri EH Bildurena baino oposizio arduratsuagoa aurkitzen'
Aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko EAJk egin dien proposamena ez dela nahikoa adierazi du eta jeltzaleak 'okurrentzia fasean' sartuta daudela iritzi dio.
-
Maddalen Iriarte
24:07 min
'Aitzakiak agortzen ari zaizkio EAJri', esan du 'Faktoria'n Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren negoziazioaz, eta 'okurrentzia fasean' sartuta daudela jeltzaleak: 'Kostako zaio EAJri EH Bildurena baino oposizio arduratsuagoa aurkitzen', iritzi dio. Pentsioak hobetzeko egin duten proposamena 'herri honetan premian diren gizon eta emakumeei erantzuna emateko aukera zehatza eta egingarria' dela defenditu du eta EAJk egindako azken proposamena ez dela nahikoa: 'Edo erantzun duina ematen zaio mahai gainean jarri duenari edo alferrikakoa izango da'.
'Jaurlaritzak agindu dituen 48 milioi gehiagotik guk kalkulatu ditugun 420 milioitara alde handia dago' esan du Iriartek. Ildo horretan jeltzaleei gogoratu die 'aurrekontu markoan eta estatutuaren markoan ere' sartzen dela euren proposamena. Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez, 15.000 lagunengana iristen dela Jaurlaritzaren proposamena eta 'EH Bilduren proposamenak, aldiz, '50.000 laguneko helmena lukeela'.
EH Bilduko legebltzarkideak gaineratu du aurrekontuen gaineko adostasunak lortzea 'urrats berri bat litzatekeela': 'Estrategikoa litzateke EHBildurekin lanean hastea. Uste dugu, gianera, pentsioen arloan eta enpleguen arloan emango genituzkeen urratsek erakutsiko lizkigukeela herri bezala funtzionatzeko zer nolako neurriak hartu beharko genituzkeen, adibidez, pentsioak nola kudeatu egoera demokratiko honetan eta garen herria garelarik'.