Faktoria
Asteazkenean
Eneko Goia, 'Faktoria'n
Gainera, kirolean sexu-abusuak ekiditeko kanpainaz arituko da magazina.
-
Eneko Goia. Argazkia: EFE
Eneko Goia Donostiako alkatea izango dugu gonbidatu Euskadi Irratiko 'Faktoria'n, asteazken honetan. Gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratuko ditugu; besteak beste, Loiolako kuartela, Martuteneko kartzela, hirigintza eta turismoa.
09:30etik aurrera izango da hori, aktualitateari buruzko solasaldiaren ondoren. Eguneko zutabea Eli Larrinagak sinatuko du.
10:00etako albisteen ostean ekingo dio Manu Etxezortuk magazinari. Hasteko, Iker Markinez kolaboratzaile eta sukaldariak gai honi helduko dio: letxuga eta tomatea ez dira nahitaezkoak entsaladarako. Jarraian, Bitcoinaren balioaren beherakadari lotutako albisteen haritik, txanpon birtual hori erostea errentagarri ote den aztertuko dugu. Ondoren, 'Ekosfera' tartean, Goienerren 5. urteurrenaz ariko gara.
11:00etako albistegiaren eta kirol errepasoaren ostean, 'Arts & Science' tartea osatuko dugu Maisha gure kolaboratzailearekin. Horren ostean, kirolean sexu-abusuak ekiditeko kanpainaz arituko gara. Eider Barrenetxea abokatuaren eta Andrea Egoskue gizarte-laguntzailearen azalpenak jasotzearekin batera, ondoko kirolari hauen hitzak bilduko ditugu: Ane Santesteban txirrindulariarena, Ane Barandiaran softball jokalariarena eta Nerea Agirre errugbilariarena.
Bestalde, 12:00etan, Esther Moyuaren liburu-gomendioa entzun eta gero, Raketistak: emakume pilotari profesionalak bistaratzen liburuaren aurkezpenera joko dugu zuzenean. Azkenik, Agus barandiaranek munduko musikak ekarriko dizkigu
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.