Faktoria
Asteazkenean
Amaia Izko Altsasu kasuko abokatua eta Irun Harrera Sareko ordezkariak, 'Faktoria'n
Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusia izango da gonbidatu nagusia. Xabier Alonso futbolariaren kontra hasi den epaiketaz eta Tabakalerako UBIK liburutegiko bitartekarien grebaz ere ariko gara.
-
Amaia Izko.
Auzitegi Nazionala Altsasuko auzian espetxeratuta dauden gazteek jarritako helegitea aztertzen hasiko den egunean, 'Faktoria'n izango da Amaia Izko abokatua. Epaiketan egon ez ziren lekukoek deklaratuko dute asteazken eta osteguneko auzi-saioan. Izko buru duen defentsak argudiatuko du akusatuei jarritako zigorrak neurriz kanpokoak direla. 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorra ezarri zieten 8 akusatuei. Defentsak jarritako helegiteaz gain, Fiskaltzak jarri duen helegitea aztertuko dute magistratuek. Fiskalaren arabera, guardia zibilen aurkako erasoa "antolatuta" zegoen, eta epaiak hala jasotzea eskatu du.
Solasaldiaren tartean, Amaia Oca Irungo Harrera Sareko bozeramailea elkarrizketatuko dugu. Manifestazioa deitu dute larunbaterako, eta sare sozialetan kanpaina hasi dute #harreraherria etiketarekin.
Koldo Almandoz zinemagileak emango dio amaiera albistegiari. Aktualitateri lotutako pelikula gomendatuko digu.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, zurrukutuna prestatzen erakutsiko digu Iker Markinez sukaldariak, eta galdera egingo dugu: izan al liteke zurrukutuna Euskal Herriko janari nazionala? Bestalde, 'Too Good To Go' janari soberakinak alferrik ez galtzeko aplikazioa ezagutuko dugu, eta Ibis hoteleko eta The Sushi Artist jatetxeko adibideak izango ditugu. Gainera, eskoletan legez erizaina izateko eskaria indarra hartzen ari da. Gaia aztertuko dugu SATSE sindikatuko Amalia Gonzalezekin, eskola batean erizain den Naiararekin eta ume gaixo baten amarekin, Aitziberrekin. Azkenik, Pumori, mendiaren alaba dokumentalaz ariko gara Sukurekin eta dokumentalaren zuzendaria den Iban Gonzalezekin
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.