Faktoria
Ondarea galtzear
Donostia-Tolosa tranbiaren aparkaleku historikoak arriskuan
Gorka Otaegi
Lasarte-Oriako Udala "balio arkitektoniko izugarria" duen TSST konpainiaren egoitza botatzear dela salatu dute EAJko zinegotziek eta Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak.
-
Trolebusen aparkalekua eraistear. Argazkia: David Franco
9:56 min
Eraikinaren parean jarri dituzten ondeamakina eta hesiek hainbaten alarmak piztu dituzte. "Harrituta gaude Lasarte-Oriako Udalak eraikina botatzeko asmoa duelako", dio Indsustri Ondare eta Herri Lanen Euskal Elkarteko presidente Jabi Puertasek, "Donostia-Tolosa Tranbiaren Konpainiaren egoitza ohiak interes arkitektoniko oso handia du eta babestu egin beharko litzateke". Euskal Herrian trolebusentzat eraikitako aparkaleku bakarra dela azpimarratzen du, eta Iberiar Penintsulako ondare arkitektonikoa biltzen duen DOCOMOMO katalogoan azaltzen dela.
Otsailaren 12an egindako Osoko Bilkuran, Lasarte-Oriako Udalbatzak atzera bota zuen EAJk eraikina babesteko aurkeztutako mozioa. PSE-EE, Ahal Dugu eta PPren zinegotziek aurka bozkatu zuten eta, ondorioz, TSST konpainiaren egoitza ohia eraitsi eta bertan etxebizitzak eraikitzeko proiektuak aurrera jarraitzen du.
1949an eraikitako garaje eta bulegoak "artxibo historikoa izan daitezke; Europako arkitektura modernoaren erakusgarri: simetriak, hormigoi armatuaren erabilera, leiho horizontal luzeak...", dio EHUko Arkitektura Eskolako irakasle Mikel Díaz de Ilarrazak. Gaineratuz, eraikinak ohiko kanonetatik ateratzen diren "elementu bereziak" ere badituela. Esate baterako, aparkalekuaren egitura osatzen duten hormigoizko zertxak, "normalean altzairuzkoak izaten direnak".