Itxi

Faktoria

Jon Iñarritu

'Eskuinak ez gobernatzea gure esku badago, doakoa izango da gure bozka'

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariaren arabera, lehentasunezkoa da eskuin-muturrari bidea ixtea eta Espainiako erakundeak 'desfrankizatzea'.

  • Jon Iñarritu, EHBilduko senataria

    Jon Iñarritu, EHBilduko senataria

    19:28 min
imagen player
imagen player
imagen player

'Gure esku badago eskuina eta eskuin muturrak ez gobernartzea, ez dute gobernatuko. Doanekoa izango da gure boza. Ezeren trukekoa'. Hala mintzatu da Jon Iñarritu EH Bilduko senataria 'Faktoria'n, hauteskunde ondoren Pedro Sanchezi babesa emango ote dioten galdetuta. Lehentasunezkoa jo du eskuinari Moncloarako bidea ixtea eta gehitu du premiaz 'desfrankizatu' behar direla estatuko hainbat erakunde. 'Polizian, Justizian eta estatutako egituretan badaude hainbat indar ilun oraindik eragina dutenak', gehitu du Franco deshobiratzeko izaten ari diren oztopoak adibidetzat jarrita.

EH Bilduko senatariak zehaztu du, nolanahi ere, eskuinari bidea ixteak eta Sanchez babesteak ez duela esan nahi betirako baiezkoa ematen diotenik. Gehitu du, aurrekontuetarako eta beste legeak ateratzeko, negoziatu egin behar dela; eta nabarmendu du hori ez duela orain artean ulertu Sanchezek.

Senatariak azpimarratu du birzentralizazio hotsak eskuinean soilik ez, PSOEren sektore batean ere sendo daudela. Sektore horren nahia eskumenak kentzea soilik ez, abertzaleen helburuak mugatzea ere badela ohartarazi du, esaterako, estatus berria idazterakoan. 'Badago iritzi publiko bat urrunegi joan zela eskuimenekin eta berzentralizazioa ez legeokeela hain gaizki', ohartarazi du; eta alde horretatik, indar nazionalisten arteko estrategia bateratua zentzuzkoa litzatekeela gehitu du.

Senatariak uste du oraingo Espainiako Gobernua kontraesenean erortzen dela Kataluiniako auzian, elkarrizketa eskaini bai baina autodeterminazioz hitz egiteko prest ez dagoela agertzen duelako: 'Sanchezek nahi duena esango du, baina azkenean bozkatu egin beharko da Kataluinian'. Iñarrituren arabera, argi geratzen ari da buruzagi independentisten kontrako epaiketa guztiz epaiketa politikoa dela, gaurtik aurrera deklaratuko duten lekukoek erakusten dutenez. 'Estatua ispilu baten aurrean jarri da eta ez zaio gustatzen ikusten ari dena'.