Itxi

Faktoria

Apirilak 9

Saio berezia Chillida Lekutik, astearteko 'Faktoria'n

Mikel Chillida artista Eduardo Chillidaren bilobak, Bingen Zupiria sailburuak, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Koldobika Jauregi eskultoreak eta Bernardo Atxaga idazleak hartuko dute parte.

  • Chillida-lekuko irudi bat

    Chillida-lekuko irudi bat. Argazkia: EiTB

Zortzi urteko itxialdiaren ostean, apirilaren 17an zabalduko dute berriro Chillida Leku museoa. Irekieraren aurretik, asteartean, saio berezia eskainiko du bertatik Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak. Goizetik zuzeneko konexioak izango ditugu, eta hainbat gonbidatuk parte hartuko dute saioan; besteak beste, Mikel Chillida Eduardo Chillidaren bilobak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Koldobika Jauregi eskultoreak eta Bernardo Atxaga idazleak.

Horrez gain, bestelako gaietan, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusi berria elkarrizketatuko du Maite Artolak, 08:30ean. Korrikaren berri ere jasoko dugu, eta eguneko zutabea Amatiñok sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari manu Etxezortuk. Hasteko, Tolosako Lanbide Heziketako Institutuko ikasleak Reunion uhartean izan dira merkataritzako ikasketak osatzen. Hango esperientzia kontatuko digute eta bidaiatzeak zenbat erakusten duen landuko dugu, haiekin eta Josebe Blanco eta Uxune Martinezekin. Gainera, Zalla tren pasabidez josita dago eta herritarrak kexu dira. Alkatearekin, Javi Portillorekin, hitzordua egin dugu Zallan bertan.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.