Itxi

Faktoria

Bernardo Atxaga

'Justizia da gauza bat; eta beste gauza bat da Justizia Espainian'

Madrilen gaia propio atera nahi zuelako iragarri zuen Altsasukoa. Datorren urterako proiektua da hori. Aurrez iritsiko da idatzita daukan nobela 'arriskuak eta tristeziak’ izenburu izan lezakeena.

  • Bernardo Atxaga

    Bernardo Atxaga

    22:56 min
imagen player
imagen player
imagen player

'Madrilen elkarrizketak egiten ari nintzela ohartu nintzen galdera guztiak gatazkaren inguruan zihoazela: 'Hemendik aurrera bake batean biziko zarete...' eta modu horretan. Eta lehendik ere pentsatua nuen: nahi nuen Altsasukoa aipatu eta idazlearen eskubidea hartu nuen, tranpa eginez', azaldu du Bernardo Atxagak auzi horri buruz idazteko duen asmoaz. 'Faktoria'n azaldu duenez, datorren urterako proiektua da hori, bere kuadernoetan jada zirriborratuta duena. Frank Kafka izango du erreferentziazko autore eta haren Prozesua liburuaren ildotik abiatuko da, ereduen bila: 'Literaturak egin dezakeena da, egin behar luke, kasu bakan bat hartu eta eredu bihurtu. Gertatuaren gainean eredu bat erakutsi. Eta hor gertatu zen gezurrak esateko eredu bat, krudelkeriarena...' . Epaileen partetik krudelkeria ikusi ote duen galdetuta, zera erantzun du: 'Justizia da gauza bat, eta beste gauza bat da Justizia Espainian. Hori denek badakite. Umeek ere badakite'.

Nolanahi ere, liburu hori ez da datorren urtera arte idazten hasiko. Aurrez iritisko da liburu-dendetara jada osatua duen azken nobela, sei nobela laburrago bere baitan biltzen dituena. 'Gutxitan bezala abiatu naiz nire trauma partikularretatik. Horrekin jokatu nahi izan dut, nahiz eta ez den autobiografikoa. Arriskuak eta tristeziak izan liteke izenburua', jakinarazi du baina segidan zehaztu du 'segur aski ez dela azkenean hala izango'.

Autobide ertzean dagoen kilkerrak bezala kri-kri egiteko bere modua da liburuak idazten jarraitzea, gainontzeko kulturgileak bezala, zarataren erdian, ertz-ertzetik. Behar horretatik aritu da Soinujolearen semea filmaren promozio lanetan: 'Egunero milaka liburu ateratzen dira. Mila pelikula ateratzen dira. Euskal Herritik eta horrelako leku txikietatik, hizkuntza txikietatik… horrelako baldintzetan munduratzen den pelikula batek behar du bultzada. Horretarako gaude'.

Kulturari buruz, orohar, krisi orokor batean sartuta dagoela iritzi dio eta arloari buruzko liburu zuria eskatu du beste behin ere, 'gaizki egiten diren gauzetaz hizketan hasi eta ez lukeelako bukatuko'. Baina 'bala-bala hitz egiteak ezertarako balio ez duela' argudiatuta, sektoreari buruzko liburu zuria osatzea aldarrikatu du beste behin. Eskuinaren gorakadari buruz, berriz, 'maldizioaz' hitz egin du, 'gure gizartean zenbat eta gehiago errepikatu, zera hori gero eta indartsuagoa egiten' delako. Nolanahi ere, 'atmosfera honetan, trafiko eta zarata' handiz bada ere, 'nork bere zerua aurki' dezakeela esanez amaitu du.