Faktoria
Euskal urre beltza
Nola ateratzen da Empire State, NBE edo Pradan dagoen euskal marmol beltza?
Gorka Otaegi
Munduan preziatua den Markinako marmol beltza ekoizten duen harrobi batera sartu gara.
-
Olaspe harrobia da Markinako marmol beltza ekoizten duten lau harrobietako bat
16:04 min
"Harri blokeak kontu handiz mugitu behar dira. Markarik txikiena badute, bezeroek ez dute nahi izaten; gero eta zorrotzagoak dira". Markinako Olaspe harrobian hondeamakina handiak ere leun mugitzen dituzte munduan estimatuenetakoa den marmol beltza osorik atera dadin. "Harri dotorea da eta oso gogorra. Horregatik du hainbesteko arrakasta", dio Josu Lapresa harrobiko arduradunak.
New York-eko Empire State etxe orratzaren sarreran, Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen bilera gelaren atrilean, Kairoko Errege Etxearen korridoreetan edota Prada dendetako lurrean topa liteke Markina eta Aulestiko lau harrobitan soilik ateratzen den marmol beltza. "Harri garestia da, blokerik onenek 6.000 euro balio dute". Horregatik, mozketa eta garraioa tresneria fin eta berezia erabiliz egiten dute.
Sar zaitez gurekin euskal "urre beltza" ateratzen duten harrobira, eta ezagutu prozesu osoa Euskadi irratiko Faktorian egin dugun erreportajea entzunez.