Itxi

Faktoria

Apirilak 26an

Hauteskunde kanpainako eztabaida, ostiraleko 'Faktoria'n

Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza lortu zuten bost alderdi nagusietako ordezkariak izango ditugu.

  • Miren Gorrotxategi, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, Joseba Agirretxea, Mertxe Aizpurua, Laura Garrido

    Miren Gorrotxategi, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, Joseba Agirretxea, Mertxe Aizpurua, Laura Garrido

Igandean izango dira Espainiako Gorteak aukeratzeko hauteskundeak, eta ostiralean, 'Faktoria' saioak mahai inguruan bilduko ditu azken hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza lortu zuten bost alderdi nagusietako ordezkariak, EITBko Administrazio Kontseiluak onartutako arauen arabera.

Elkarrekin Podemosen izenean, Miren Gorrotxategi Kongresurako Bizkaiko hautagaiak parte hartuko du; Eusko Alderdi Jeltzaletik Joseba Agirretxea Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak; eta Euskal Herria Bildutik Mertxe Aizpuruak, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak. Alderdi Sozialistaren izenean, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga ariko da, Kongresurako PSEren Gipuzkoako zerrendako bigarrena; eta, azkenik, Laura Garrido, Alderdi Popularraren izenean.

Hauteskunde girokoez gain, Irungo Ficoba erakustazokan irekiko duten Expogrow kalamuaren azokan izango da goizean ‘Faktoria’ saioa. Eguneko zutabea Bego Muruagak sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, txertoak izango ditugu aztergai, nazioarteari eskainitako tartean. Mundu mailan immunizazioaren astea da, Munduko Osasun Erakundeak deituta, txertoak bultzatzeko helburuz. Seme-alabei txertorik jarri ez dien ama bat izango dugu, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa txertoen alde egiten ari den kanpaina aipatuko dugu eta Juanjo San Miguelek mundu mailako ikuspegia emango digu. Bestalde, Gernikan bonbardaketaren urtemuga baliatu dute orain arte itxita izandako bunker bat irekitzeko eta bertan izango gara.