Itxi

Faktoria

Maiatzaren 6an

Presoen aldeko herritarren sarea eta Tik Tok sare soziala, astearteko 'Faktoria'n

Bosgarren urtemugaren atarian izango da Sareko ordezkari Inaxio Oiartzabal gurean. Gainera, Tik Tok sare sozialaz aritzeko, Naiara Perez de Villarreal aditua eta Twin Melody bikotea izango ditugu.

  • Urtarrilaren 12ko manifestazioaren irudi bat

    Urtarrilaren 12ko manifestazioaren irudi bat. Argazkia: EiTB

Bosgarren urtemugaren atarian, Sare herritar sareko ordezkari Inaxio Oiartzabal izango da astearteko 'Faktoria' saioan, gaurkotasunari lotutako hainbat gairen inguruan hitz egiteko; besteak beste, agintaldi berriaz espero dutenari eta gaixo dauden presoen egoerari buruz mintzatuko da. Astearte goizerako, hain justu, elkarretaratzera deitu du Sarek Bilbon, “Osasun eskubidearen alde, larriki gaixo dauden presoak etxera” leloarekin.

Horrez gain, gaztetxoen artean arrakasta izaten ari den Tik Tok sare soziala ere hizpide izango du ‘Faktoria’ saioak. Haren abantailez, berezitasunez eta arriskuez ariko dira sare sozialetan aditua den Naiara Perez de Villarreal eta bideoak sare sozial horretan zintzilikatzen dituen Twin Melody bikotea.

Solasaldian, Javier Arrietak, Ainhoa Etxaidek eta Iñigo Adurizek parte hartuko dute. Eguneko zutabea, berriz, Amatiñok sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Estatu Batuetan beganoak gero eta gehiago direla erakusten du, besteak beste, Beyond-Meat enpresa beganoak burtsan eman duen danbatekoak. Burtsan kotizatzen hasi den lehenengo enpresa beganoa da. Amaia Uribek kontatuko digu New York-etik eta Josebe Blanco eta Uxune Martinez-ekin beganismoa aztertuko dugu. Bestalde, Operaren Europako eguna izango da ostiralean eta hiru izen handi izango ditugu: Miren Urbieta sopranoa, Andeka Gorrotxategi tenorra eta Iker Casares tenorra.