Faktoria
Maiatzaren 10ean
Hauteskunde kanpainaren hasiera eta Juan Inazio Hartsuaga, ostiraleko 'Faktoria'n
Hauteskunde kanpainaren baitan, Markel Olano, EAJk Gipuzkoako diputatu nagusigaia, elkarrizketatuko dugu. Elkarrizketa pausatuan, Hartsuaga ekonomialari, antropologo eta sortzailea.
-
Aurreko hauteskundeetako irudi bat. Argazkia: EFE
Gauerdian abiatuko da maiatzaren 26ko hauteskundeetarako kanpaina. Hego Euskal Herrian udal, foru eta Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira egun horretan; Nafarroan, baita Parlamenturako hauteskundeak ere. EITBko Administrazio Kontseiluak erabakitako irizpideen arabera, ostiraleko 'Faktoria' saioko gonbidatua Markel Olano izango da, EAJk Gipuzkoako diputatu nagusitarako aurkeztu duen hautagaia eta azken lau urteetan kargu hori bete duena.
Ostiraletako elkarrizketa pausatuaren tartean, Juan Inazio Hartsuaga ekonomialari, antropologo eta sortzailea elkarrizketatuko du Maite Artolak, 09:30etik aurrera. Realak larunbatean Atletico Madrilen aurka jokatuko duen Erreginaren Kopako finalari ere erreparatuko dio saioak, eta partida aurreko giroa azalduko du Jon Altunak Granadatik bertatik.
Eguneko zutabea Begoña Muruagak sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Erreginaren Kopako finalaren atarian, Añorga futbol taldeko neska jokalariekin hitz egingo dugu. Nesken futbolak bizi duen goraldi hau nola bizi duten eta finalak eragin dien ilusioa kontatuko digute. Granadatik, bestalde, hango giroaren berri emango digu Jon Altuna lankideak. Gainera, Napar Death filmaren zuzendari Beñat Iturrioz ere izango dugu. Estrenatu berria da filma eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan erakutsiko dute asteburu honetan. Bestalde, nazioarteari eskainitako tartean, Hego Afrika aztertuko dugu. Bertan bizi den Joxe Mari Segurolarekin hitz egingo dugu eta Juanjo San Miguel-ek ohi bezala informazio interesgarria eskainiko digu. azkenik, igandean Senperen Herri Urrats ospatuko da eta festaren berri emango digu Intza Bidart koordinatzaileak.