Faktoria
Gora Etorri
Gora Etorri musika taldeak 'agrodance' estiloa lantzen du ongi pasatzeko
Eurodance estiloa lantzen zuen 'Hemendik at' talde mitikoa zuzenean ez zuten ezagutu, baina zale itsuak dira eta beti dute hura gogoan. Umorea eta gai sozialak ageri dira euren kantuetan.
-
Gora Etorri musika taldeko hiru kide
22:48 min
Durangon 2017 an ospatu zen Gazte Egunerako 'Gazte egune da ta' kantua egin zuten eta handik, ondo pasatzeko talde baten beharra sentituta, sortu zuten Gora Etorri musika taldea. 22 eta 27 urte arteko zazpi lagun, zazpi ikasle dira taldean dabiltzanak eta ahoz-aho zabaldu da euren ospea. Maiatzean eta ekainean hainbat kontzerturi uko egin behar izaten diote, azterketengatik, baina gainerakoan ondo uztartzen dituzte ikasketak eta Gora Etorri musika taldeak ematen dien lana. Larunbat honetan adibidez Gasteizko Txagorritxu auzoko jaietan izango dira.
Eurodance estiloari baserri mundua erantsita, 'agrodance' estiloa lantzen dute. Euren bideoetan, baserria, abereak, baserriko lanabesak.... ageri dira. 'Hori da gure esentzia ta ez dugu galdu nahi' esan digute. Euren jantziei buruz galdetuta, estiloa definitzeko lanak izan dituzte, 'buf, buf, buf'. Hori bai 'etxetik hartutako trapu zaharrak dira, gurasoek eta aitite eta amamak armairuetan gordetako arropak'.
Umorea eta ondo pasatzea dute helburua, baina gai sozialak ere lantzen dituzte, 'Biribilketa feminista' izeneko abestia horren adibide. Euskaraldirako ere egin zuten 'Euskaraldia' izeneko kantua eta umorez eta erotikaz betetako 'Jaixu kebapa' kantua eta bideoa ere, ikusi eta entzuteko modukoak dira.
Entzun 'Faktoria' saioan kontatu digutena, Julene Egiluz, Katalin Garaita eta Iker Gatxo Gora-Etorri taldeko kideek