Faktoria
Emakumea eta kirola
Goi mailako kirola utzi egin behar. Lanarekin eta ikasketekin ezin iritsi.
Hiru adibide jaso ditugu 'Faktoria'n. Uxue Ezkurdia, Bera-Bera eskubaloi taldekoa, Maite Villanueva Orvina areto futbolekoa eta Arrate Agirre, Araski saskibaloi taldekoa.
-
Kirolak
17:27 min
Goi mailako kirolak ez die ematen bizitzeko adina diru, besteak beste emakumeen kirolari ez zaiolako behar lukeen bultzadarik ematen eta ondorioz lanarekin bateragarri egiten saiatzen dira. Azkenean, ordea, denera iritsi ezinik, kirola utzi behar izaten dute kasu askotan. Hiru adibide jaso ditugu 'Faktoria'n.
Donostiako Bera-Bera eskubaloi taldean aritu da Uxue Ezkurdia. Aurten bertan ere, kopa eta superkopa irabazi dituzte, baina ez zaio merezi duen garrantziarik ematen eta ez dakien jende asko egongo da. Enpresa zientziak ikasi zituen eta jardun osoko lanean hasi denean, denera iritsi ezinik, kirol profesionala uztea erabaki du.
Iruñeako Orvina areto futboleko taldean aritu zen Maite Villanueva. Biologia ikasi zuen, doktore tesia egiterakoan larri ibili zen eta gero doktoretza ondorengoa egitera Suitzara joan zenean, kirol profesionala utzi egin behar izan zuen.
Arrate Agirre, Gasteizko Araski saskibaloi taldean aritu zen, baina irakasle lanetan hasi zenean, ezin zuen bietara iritsi. Ekonomia irakaslea da DBH eta Batxillergoan.
Hedabideoi eskatu digute hirurek, jarraipen zabalagoa egiteko emakumeen kirolari, horrela lortuko delako jende gehiago joatea euren partidak ikustera eta hortik etorriko delako diru gehiago biltzea, emakume kirolarien soldatak igo ahal izateko.