Itxi

Faktoria

Ekainak 20

Nafarroaz eta itsas-mailaren igoeraz, osteguneko 'Faktoria'n

Jonathan Gregory metereologia katedradun britainiarrarekin eta John Church Gales Berriko (Australia) aldaketa klimatikoko ikerketa zentroko katedradunarekin hitz egingo dugu.

  • Glaziar baten irudia

    Glaziar baten irudia

Klima aldaketaren kontra egiteko eta, bereziki, itsas-mailaren igoeraren aurrean prestatzeko premiaz arituko da ostegun honetako 'Faktoria'. ‘Ezagutzaren mugak’ saria jaso berritan, arituko gara gaiaz Jonathan Gregory metereologia katedradun britainiarrarekin eta John Church Gales Berriko (Australia) aldaketa klimatikoko ikerketa zentroko katedradunarekin.

Goizeko 09:30etik aurrera entzungo da Iñaki Guridirekin izan duten hizketaldia. Aurrez, Xabier Riezu, Nerea Azurmendi eta Martxelo Otamendirekin arituko dira analisi-mahaian. Zatirik handienean, Nafarroako Parlamentuko osaketa egunean gertatutakoaz arituko dira eta bilduko dituzte protagonisten adierazpenak ere.

 Eguneroko zutabea Aingeru Epaltzak sinatuko du goizeko 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izanik, Ordizian antolatu duten besarkada erraldoiaren berri emango dugu. Gainera, elkarte gastronomikoetan euskal gatazkari buruz solasean aritzeko antolatutako 'Afalosteak' ekimenaz ariko gara, eta Itoiz musika taldeari buruz egiten ari den dokumentalaz hitz egingo digu Larraitz Zuazok. Bestalde, Nafarroan zezenketetara joatearen kontrako mugimendua indartzen ari al da peñen artean? Argitzen saiatuko gara. Sukaldean ariko zaigu Jurgi Arejita, eta azkenik, LGTBI elkarteen artean harrotasuna ospatzeko dagoen desadostasuna izango dugu hizpide.