Itxi

Faktoria

Pride VS Harro

'Harrotasunaren jaiak ezin du bazterketa bultzatu'

GORKA OTAEGI

E28 Koordinadorako elkarteek salatzen dute "Bilbao Bizkaia Harro" bezalako festek "gizon zuri, gay, muskulatu eta dirudunaren" estereotipoa finkatu eta "baztertutako identitateak" zanpatzen dituztela.

  • Ur Parade desfilea da Bilbao Bizkaia Harro festaren programazioko ekitaldirik nagusienetakoa

    Ur Parade desfilea da Bilbao Bizkaia Harro festaren programazioko ekitaldirik nagusienetakoa

    30:45 min
imagen player
imagen player
imagen player

Stonewall-eko mobilizazioen 50. urteurrena betetzen den egunotan ospatzen ari den "Bilbao Bizkaia Harro" ekimena "pinkwashing izugarria" dela salatu dute 'Faktoria'n bildu diren E28 LGTBI koordinakundeko ordezkariek. "25 urte baino gehiagoz Euskal Herriko harrotasunaren mobilizazioak antolatu dituen koordinadora kontuan izan gabe antolatu dute, eta baztertutako identitateak suntsitzen dituzten erakunde eta enpresen laguntzarekin", salatzen du Hiruki Larrosa kolektiboko Joseba Gabilondo Marques-ek. Sare Lesbianistako Leire Gomez Mendezonaren arabera, "fikziozko harrotasuna antolatu dute; gizon zuri, gay, muskulatu eta diruduna erakutsi eta beste errealitateak zanpatzen dituena: Lesbianak, transexualak, LGTBI migranteak...".

'Faktoria' saioko tertulian parte hartu duten LGTBI aktibistek "Bilbao Bizkaia Harro" festa antolatu eta diruz laguntzen duten erakunde eta enpresen kontraesanak ere azaleratu nahi izan dituzte: "Pridea hipokresiaz beteta dago", azpimarratu du EHGAM elkarteko sortzaile Imanol Alvarezek, "urtean zehar protokoloak, prebentzio kapnainak... garatzeko diru laguntzak ukatu edo, zenbaitetan, limosnatxoak ematen dizkiguten erakundeek dirutza xahutzen dute horrelako ekitaldietan". Eta urte osoan zehar LGTBI kolektiboak behar ugari ditu Gehituko osasun agente Ander Prol-en arabera: "Gehitun egunero-egunero jasotzen dugu LGTBIfobiak kaltetutako norbait: beren identitatea definitzeko arazoak dituzten lagunak, familian edo lagunartean onartzen ez dituzten LGTBI pertsonak, adingabe transexualen inguruko galderak dituzten hezkuntza arloko profesionalak edota laguntza eske iristen zaizkigun LGTBI migranteak, azken aldian gugana gero eta gehiago jotzen dutenak", zerrendatu du Prol-ek. Entzun solasaldi osoa.