Faktoria
TXOMIN SAGARZAZU, Zaldunbordaz
'Legearen bideak jarraituz, gardentasunez egin dugun prozesua da'
Hondarribiko Zaldunbordan eraiki nahi duten outlet-ak eztabaida piztu du. Txomin Sagarzazu alkateak dio, desadostasunak desadostasun, herrirako "inbertsio iturri handi bat" izan daitekeela.
-
Zaldunbordako proiektuaren aurkako kartel bat, denda batean.
18:42 min
Zaldunbordako proiektuak Hondarribiko merkatariak mugiarazi ditu, eta herrian ez ezik, inguruan ere zabaldu da kezka. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak 'Faktoria' saioan argitu du 2017az geroztik jakina dela Zaldunbordan outlet bat egingo dela; lehiaketa publiko baten bidez esleitu zutela proiektua. "Gauzatu zenerako bagenuen kezka hurbileko merkataritza oso momentu zaila bizitzen ari delako. Baina herrian horrelako inbertsio bat egiteko aukera noiz izan dezakegu berriz?".
Sagarzazuk esan du urteetan sustatu dutela harremana herriko merkatariekin, hainbat kanpaina landu dituztela elkarrekin. "Merkataritzaren egoera konplexua da, baina guk uste dugu batzuentzat eta besteentzat izan dezakegula lekua. Lekua izateaz gain, herrirako izan daiteke inbertsio iturri handi bat".
Hondarribiko Udaleko alderdien artean desadostasunak daude, soilik EAJ dago proiektuaren alde, eta Irungo udal talde guztiek kontrako botoa eman dute. Sagarzazuk gogoratu du udal bakoitzak duela bere hirigintza plana egiteko eskumena, eta errespetua eskatu du: "Hondarribiko Udalak inoiz ez dio Irungo Udalari esan zer egin behar duen Irungo udalerrian bere jarduerak sustatzeko. Irungo Udalak bitan esan dio dagoeneko Hondarribikoari. Nork esango digu guri Hondarribiarentzat zer den onena?".