Faktoria
Adopzioa
'Adoptatu etiketa ez da betirako'
Lency Toca Yarza, 3 urte zituela ekarri zuten adoptatuta Indiatik Hondarribiara. Orain 22 urte ditu Lency-k eta 'adoptatu' etiketa kentzeko aldarrikapena egin digu. 'Ezin du betirako izan'
-
Lency Toca Yarza
13:48 min
Lency-k adoptatuak izan ziren pertsona helduen identitate garapenari buruz egin zuen Pedagogiako Gradu Amaierako Lana eta lan horretan ere argi ikusi du, aurrera egiteko 'adoptatu' etiketa kentzea garrantzitsua dela. 'Behin adoptatuak izan ginen, baina aurrera egiteko terminologia aldatu beharra dago' esan digu.
Orain Madrilen master bat egiten ari da ikasketetan zailtasunak dituztenei laguntzeko asmotan. Bere esperientzian oinarrituta, kontatu digu eskolan babes falta nabaritu zuela irakasleen aldetik. Adoptatuak izan diren pertsonek hiru etapa izaten dituztela kontatu digu. Lehenengoa, adopzioa pasadizo baten gisa hartzen dena, dena ondo ikusten dena, bigarrenean adopzioa gertaera esentzial gisa hartzen dela eta hirugarrenean etortzen dela lanketa egiteko garaia. Etapa horretan ikasketak alboratzeko joera izaten omen da, barruko galderei erantzutea garrantzitsuagoa bihurtzen delako. Eta berak garai horretan ez zuen irakasleen babesik sentitu, emaitzetan bakarrik zentratzen direlako.
Indian familia biologikoa ezagutzen izan zen duela hiru urte eta esperientzia positiboa izan zen. 'Familia biologikoa ezagutzeko gomendioa egingo nieke adoptatuak izan direnei, baina prest egon behar dute'
Ume Alaia elkarteak antolatuta bihar Donostian 'Ni Neu' izeneko topaketa egingo dute adoptatuak izan diren pertsonen sentimendu eta bizipenak lantzeko eta Lency-k bereak 'Faktoria'n partekatu ditu.