Faktoria
Urtarrilaren 17an
Zigor Aldama kazetaria, 'Faktoria'ko gertuko elkarrizketan
20 urte baino gehiago Txinan daramatzan kazetaria hurbiletik ezagutuko dugu, eta iragan astean N-121-A errepidean semea galdu zuen Mikel Manzano etorriko zaigu.
-
Zigor Aldama
Zigor Aldamak 40 urte egingo ditu aurten, eta erdiak baino gehiago egin ditu Txinan. Hura du bizileku, eta herrialde hartan barrena ibiltzen da bertakoen berri erreportajeen bitartez emateko. Gabonetako oporrak pasatu eta nazioarteko Columbine kazetaritza saria jasotzera etorri da egunotan, eta etxera itzuli aurretik arituko da ostiral honetan hango kontuez eta bere bizimoduaz.
09:30etik aurrera izango da hori. Aurrez, aktualitateari buruzko solasaldian arituko dira Laura Mintegi, Jesus Prieto-Mendaza eta, 'Faktoria'ko taldera berriz batuta, Xabier Barandiaran.
Goizeko zortziak jo aurreko iritzi zutabea Begoña Muruagarena izango da, eta Pablo Joxe Aristorenak jarriko dio asteari postdata, 08:30ean.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, N-121-A errepidean segurtasuna hobetzeko premiaz ariko gara iragan astean semea errepide horretan izandako istripu batean hil zitzaion Mikel Manzanorekin.
Bestalde, Idoia Torregarai etorriko zaigu goizari umore printza jartzera, eta Maddalen Aristegirekin ere hitz egingo dugu. Argentinan bost urte egin ditu, psikologia ikasten ari da eta hilekoaren inguruko hausnarketa egingo digu. Gainera, Amaia Albes diseinatzaileari tartea egingo diogu, pasareletan txandalak duen lekuaz aritzeko, eta Donostiako Aquariumen 'Karelia' erakusketa jarri duen Titty Thusberg diseinatzailearekin hitz egingo dugu (plastiko birziklatuz eta ardi latxaren artilez egiten ditu jantziak). Halaber, Willis Drummondek jendea behar du astelehenean Heletan bideoklipa grabatzeko; Jurgi Ekiza kantariak emango digu horren berri. Azkenik, Musikatxiloaldiaz ere ariko gara, Mattin Perezekin: 48 ordu 'atxilo', kantu bat sortzeko.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik 'Faktoria'.