Sinadura
Amagoia Gurrutxaga
'Bertsio ofiziala'
Torturaren Aurkako Eguna izan zen ostegunean, Joxe Arregi gogoan, eta hari horri tiraka osatu du bere zutabea Amagoia Gurrutxaga kazetariak.
-
Amagoia Gurrutxaga
2:36 min
"Osabaren ohe azpian aurkitu nuen aldizkaria. Ez dut gogoan zertarako makurtu nuen buru nerabea zoruraino. Horitzen hasiak zituela ertzak, hori bai. Eta hautsak hegan egin zuela putzada bakarrarekin. Eta hantxe, hauts azpian, aurpegi ubel gorputz zartatu bat, marmol zurizko mahaiaren gainean. Argazkietan, odola ageri zen gizonari parteak tapatzen zizkion izaran. Hauts gilboek airean segitzen zuten, PUNTO Y HORA ale zaharra atzera ohe azpira bota, eta gelatik irten nintzenean, arnasa hartzeko ere beldurrez. Argazki haien eraginez, bertsio ofiziala eta tortura hitzak entzuten ditudanero, Joxe Arregiren oinazpi erreak datozkit gogora, nahi gabe ere. Eta ez naiz bakarra.
Ostegunean bete ziren 39 urte zizurkildarra Carabanchelgo kartzelako ospitalean, Madrilen, hil zela, Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta bederatzi egun egin ostean". Honelaxe hasi du 'Faktoria' saioko ''Sinadura'' Amagoia Gurrutxaga kazetariak.