Itxi

Faktoria

'Faktoria', ostegunean

Adimen artifizialak dolua egiteko eman dezakeen laguntzaz, 'Faktoria'n

Xabier Barandiaran adimen artifizialean aditu den filosofoa, alaba galdu zuen Tontxu Campos sailburu ohia eta Gemma Climment teknologia berrietan aditu den psikologoa izango ditugu.

  • 'Meeting You' dokumentaleko irudi bat

    'Meeting You' dokumentaleko irudi bat

Meeting You dokumental korearrak erakusten du nola teknologiak laguntzen dion Jan Ji-Sung-i minbiziaren ondorioz hil zaion alabarekin hitz egiten, eta nola hori lagungarri zaion dolua egiteko eta ongizatea aurkitzeko. Xabier Barandiaran adimen artifizialean aditu den filosofoarekin helduko diogu gaiari 'Faktoria'n, eta bilduko ditugu alaba galdu zuen Tontxu Campos Hezkuntza sailburu ohiaren testigantza, baita Gemma Climent teknologia berrietan aditu den psikologoaren iritzia ere.

 Solasaldiaren tartean Pilar Kaltzada, Martxelo Otamendi eta Iker Riojarekin bilatuko ditugu aktualitateak azken orduetan utzi dituen gakoak.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Batetik, Francisco Luis Dehesa albaitari doktorea eta Bilboko Mediku Zientzien Akademiako kidea izango dugu  eta koronabirusaren jatorriaz hitz egingo digu. Eta berrogeialdia denon ahotan dabilen honetan, oroitu gara garai batean ere gaitz kutsakorrak zituztenak nola isolatzen zituzten sendategietan. Horregatik, Mireia Roca arkitektoak garai bateko erietxe eta sendategi zaharrak aztertuko dizkigu. 

Gainera, “Ai Do Project” dantza konpainiak eta Alzheimerra dutenen familiakoen AFAGI elkarteak duten “Invisible Beauty-Edertasun ikustezina” giza ekimena ezagutuko dugu. Alzheimerra dutenekin dantza eta musikaren bidez osatzen duten saio honi buruz hitz egingo digute Iker Arrue “Ai Do Project” konpainiako zuzendari artistikoak, Alaitz Iriarte Afagi-ko psikologoak eta Felix Altunak, alzheimerra diagnostikatuta duen pertsonak.

07:00etatik 13:00etara izango da zabalik 'Faktoria'.