Sinadura
Amagoia Gurrutxaga
'Erromantizazioa'
Itxialdia erromantizatzen hasiak garela azpimarratu du Amagoia Gurrutxaga kazetariak, eta konfinamendua agerian uzten ari den gauza onak eta txarrak nabarmendu ditu.
-
Amagoia Gurrutxaga
3:04 min
"Erromantikoa naizelako izango da akaso, baina gorroto dut egoera injustuak erromantizatzeko joera agerikoa. Erromantizazio horrek politikarik antisozialenak eta injustiziaren onuradunak zuritzeko balio du beti, izan ere. Erromantizismo neoliberalaren magia hortxe: gabeziak, ezinak, lan eta bizi baldintza gero eta estuagoak, dena, ondo bukatzen den ipuin erromantiko bat bezala kontatzen digute beti. Eta ez. Ipuinak ez dira beti ondo bukatzen.
Itxialdi hauxe bera ere erromantizatzen hasiak gara. Pagotxa omen da Europako beste inon baino arau zorrotzagoak bete behar izatea; epidemiologoak alboratzea; pandemia betean ere diru publikoarekin etekin pribatua bilatzen segitzea; aitatxo uniformedunaren zaintzapean ez bada, bere kasa ibiltzeko gauza ez den haurra bezala tratatuak izatea denok. Adingabeen itxialdiaren kontura ematen ari zaizkigun ikuskizuna sintomatikoa da. Eta gu, erromantiko asintomatiko. “Diziplina sozial” txalogarriz ari garela esaten digute, eta geuk ere txalo.
Gauza asko ari da uzten agerian konfinamendu hau. Onak asko, txarrak gutxiago ez". Honelaxe hasi du 'Faktoria' saioko ''Sinadura'' Amagoia Gurrutxaga kazetariak.