Sinadura
Aingeru Epaltza
'Ez da garaia'
Koronabirusaren garaian izandako heriotzak izan ditu hizpide Aingeru Epaltza idazle nafarrak.
-
Aingeru Epaltza
2:47 min
"Nire bi lagunek galdu dute ama egun hauetan. Ondoan egon gabe, despeditu ahal izan gabe. Batek kontatu zidan zer nolako bakartasuna bizi izan zuten berak eta bere bi anai-arrebek tanatorioan eta errausketaren momentuan. Etxealdiaren lehen egunetan izan zen hori. Bertzeari aste pare bat geroago gertatu zitzaion, eta are makurragoa. Ama anbulantzia batean joaten ikusi zuen egun batean eta bederatzi egun geroago kutxa bat itzuli zieten. Tartean ezin ikusi, ezin ukitu, ezin hitz goxorik erran. Eta gero, ez hiletarik ez deus. Nire lagunen amak bezala, bakarrik hil dira bertze ehunka Euskal Herrian, bertze milaka estatuan, maite dituzten pertsonen beroa eta hatsa sentitu gabe. Hurbileko norbait galtzea beti izugarria bada, are izugarriagoa baldintza hauetan. Nik ez dakit nire lagunek zer pentsatzen duten Pablo Casado kongresuan ikusten dutelarik korbata beltza jantzita; zer pasatzen zaien burutik PPko buruak estatu-hileta bat eskatzen duen aldiro koronabirusak hil dituen jendeendako". Honelaxe hasi du 'Faktoria' saioko ''Sinadura'' Aingeru Epaltza idazleak.