Faktoria
Ostegunean
Kontziliazioa konfinamendu garaian, "Faktoria"n
Zaintza esparrua landu duen Amaia Agirre soziologoa eta Gizonduz ekimeneko Ander Bergararekin ariko gara. Gainera, PPko Laura Garrido elkarrizketatuko dugu.
-
Familia baten argazkia
Konfinamendua hasi zenetik 2 hilabete pasa dira eta telelanaren lehen albo-ondorioak ikusten ari gara. Eskolak itxita eta haurrak etxean, bizitza profesionala, zaintza eta esparru pertsonala nahastu dira. Kasu askotan, lan jardunaren luzapena ekarriz. Egin diren lehen ikerketak agerian utzi dute, generoaren ikuspegitik, zaintzaren ardura berriz ere emakumeen bizkar gelditzen ari dela. Gizonek lan batzuk hartu dituzten arren, zama emakumeengan gelditzen ari da. Bi aditu izango dira "Faktoria"n: zaintza esparrua landu duen Amaia Agirre soziologoa eta Gizonduz ekimeneko Ander Bergara.
Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeei buruz hitz egiteko alderdiekin bilera egingo duen egunean, Laura Garrido PPko legebiltzarkidea elkarrizketatuko dugu eta espetxe barruko errealitateari begiratuko diogu. Bihar kartzeletan indarrean sartuko da konfinamendua arintzeko neurri-sorta. Presoekin zuzeneko hartu-emana duten Salhaketa, Arrats eta Espetxe-pastoraleko hiru elkarteren iritziak bilduko ditugu.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, euskaldunok Everestera igo gineneko 40. urteurrena gogoratuko dugu. Jarraian, kapitalismoaren urrezko aroaz hitz egingo digu Endika Alabort ekonomialaria. 11:00etako albistegiaren ostean, itsasoko istorioak ekarriko dizkigu Xabier Alberdik eta Iñaki Goionaga historialari eta Sabino Arana Fundazioko artxibategiko arduradunarekin hitz egingo dugu, 75 urte baitira II. Mundu Gerra bukatu zela eta Hitlerrek bere buruaz beste egin zuela. 12:00etan, berriz, “Kulturen hibridazioa: trikitixa” tesiaz hitz egingo digu Gurutze Lasa ikerlariak eta #Nikbehar dut ekimenaz hitz egingo digu Olatz Oñederra diseinatzaileak.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".