Faktoria magazina
Euskal Elkargoa kultura
'Frantzian ikuskizunen intermitente estatusari esker soldata bat dute sortzaileek'
Filgi Claverie Euskal Elkargoko kultura zuzendaria: 'Frantziako estatuak bermatzen duen intermitente estatusari esker ikuskizunetako profesionalek langabezia saria jasotzen dute, babes sarea da hori'.
-
Filgi Claverie Elkargoko kultura zuzendaria
17:21 min
Euskal sortzaileak ere larrialdi egoeran daude hiru euskal administrazioetan: Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal Herri osoko sortzaileek egin zuten bat itzalaldiaren manifestuarekin eta gogoetarako hainbat galdera egin: "Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe? Itxialdia amaitzerakoan zer gertatuko da? Nola berrantolatuko dugu gure kulturgintza?"
Kulturaren Euskal Behatokiak jakinarazi duenez martxoan, apirilean eta maiatzean egitekoak ziren kultur jardueren % 82ari eragin dio osasun krisialdiak. Jarduera horien heren bat bertan behera geratu da eta atzeratu diren jardueren gehiengoak ez du oraindik data berririk. Kulturarekin zerikusia duten jarduerei dagokienez, 562 ERTE eskaera egin dira, eta liburutegi, museo eta artxiboetatik beste 121.
Egoera honen aurrean hiru euskal administrazioetako agintariak nola ari dira erantzuten? Bereziki alde handia dago iparraldetik hegoaldera.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta hizkuntza Politika sailak aholkularitza pertsonalizatua eta bi gida jarri ditu kultur langile eta eragileen eskura. ‘Kulturako profesionalentzako’ programaren bidez 2,5 milioi euro bideratuko dira.
Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera Nafarroan, kultura munduan lanean ari diren 900 autonomo dituzte errejistratuta eta 2 milioi euroko diru laguntzak ematea onartu da legebiltzarrean. Lan jarduera eten behar izan dutenentzat 2.200 euroko laguntzak, eta lan jarduera gutxitu edo arindu zaienentzat 700 euroko laguntzak. Diru laguntza hauetaz gain kulturako profesionalentzat eta sektoreko enpresentzat aholkularitza zerbitzu bat ere jarri dute martxan.
Eta zein da Ipar Euskal Herriaren egoera? Bertako sortzaile profesionalek langabeziako soldata bat jasotzen dute Frantziako estatutik. Dena den egoera zaila da, nola daude bertako sortzaileak? Ze neurri hartu ditu Euskal elkargoak? Filgi Claverie Euskal Elkargoko kultura zuzendaria izan da 'Faktoria'n.