Sinadura
Aingeru Epaltza
'Mamuak'
Patxi Ruiz presoaren gose grebak eta hura salatzeko egin diren pintadek esnatu dizkioten mamuak izan ditu hizpide Aingeru Epaltza idazleak.
-
Aingeru Epaltza
3:01 min
"Aldi berean eta indar berarekin maite ditut literatura eta kazetaritza. Horrek alderdi onak baditu, baina txarrak ere bai. Bat aipatze aldera, osagai guztiak ditut konspiranoikoa izateko. Nire iduriz, errealitateak fikzioa gainditzen duelakoa ez da esaldi huts bat, egia biribila baizik. Ez ohi dut aski izaten agerian dagoena edo kontatzen digutena. Uste dut frankotan ez dizkigutela gauzak osorik kontatzen, edo ikusten dugun horrek itsutzen gaituela, benetan gertatzen ari denaz jabe ez gaitezen. Adibidez, ETAren garaian, ikusirik atentatuek, kale borrokak eta ezker abertzalearen jarrera batzuek ikuspegi atzerakoi eta antieuskaldunenei egiten zieten mesede itzela -Nafarroan bereziki , baina ez bakarrik Nafarroan-, behin baino gehiagotan pentsatu nuen ez zitekeela kasualitatea izan. Alegia, ea agertokitik kanpo, esku beltz batek txotxongiloen hariak mugitzen ez ote zituen, giro antieuskaldun eta antiabertzalea sorturik, betikoa betikotzeko eta deus ez aldatzeko. Edo hala ez bazen, halatsu. Zergatik ari naizen kontu horietaz oroitzen egun hauetan? Bada, berriz ere mamuak ikusten hasi naizelakoz". Honelaxe hasi du 'Faktoria' saioko ''Sinadura'' Aingeru Epaltza idazleak.