Itxi

Faktoria

Asteartean

Xabier Basañez, BEC erakustazoko zuzendaria, 'Faktoria'n

Nola egingo diote aurre datorrenari? Eta hasi al dira atzeratutako bilkurak berrantolatzen? Bilbao Exhibition Centreko zuzendariak erantzungo die galdera horiei.

  • Xabier Basañezen artxiboko irudi bat.

    Xabier Basañezen artxiboko irudi bat. Argazkia: ETB

Egun jendetsuak izan behar zuten hauek, Barakaldoko BECen. Makina-erremintaren biurtekoa amaitu berritan, Euskal Herrira hurbildutako enpresen agurra eta egin diren negozioen balantzea egiten behar luke BECeko arduradun nagusiak, Xabier Basañezek. Baina COVID-19ak bertan behera utzi ditu planak: makina-erremintaren azokarik ez eta aurreikusitako gainerako lan eskaintzak eta kongresuak bertan behera utzi behar izan dituzte. Nola egingo diote aurre datorrenari? Eta hasi al dira atzeratutako bilkurak berrantolatzen? Xabier Basañez BECeko arduradunak erantzungo dizkie galdera horiei astearteko 'Faktoria'n.

09:00etan, maiatzeko langabeziaren datua ezagutuko dugu. Niko Cuenca ekonomialariak egingo digu datuen irakurketa. Lehen ordutik Ipar Euskal Herriko kaleetan izango da Euskadi Irratiko unitate ibiltaria. Ekainaren 2an, deseskalatzearen bigarren fasea abiatuko dute kolore berdea duten Frantziako Estatuko lurraldeetan. Ostatuek, antzokiek eta kiroldegiek ateak zabalduko dituzte.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Gasteizko Santa Maria katedrala berriz ere bisitatzeko moduan da, eta Iñaki Koroso teknikariak emango dizkigu azalpenak. Jarraian, Tania Arriagaren dekalogoa jasoko dugu. 11:00etako albistegiaren ostean, lan merkatuaren erradiografia egingo digu Maite Fonsecak, Durangoko Adecco bulegoko zuzendariak, eta turismo sektorea mugitzen ari ote den ere aztertuko dugu. Lore Etxeberriak (B The Travel Brand agentziako Zarauzko arduraduna), Jaques Barreixek (Zuberoako Botingoa erakundeko zuzendaria, Iratiko etxolei buruz) eta Marijose Iparragirrek (Baztan-Bidasoa Turismo elkarteko presidenteordea eta Elizondoko Urruxka baserri eta nekazalturismoaren jabea) lagunduko digute horretan. 12:00etan, Sukaldari Dema izango dugu Pili Manterola eta Igor Zalakain sukaldariekin, eta, jarraian, Tolosako Ama jatetxera joko dugu. Hasiera-hasieratik hasi zen etxerako banatzen. Trialeko txapeldun bat dabil banaketan, Irene Caminos. Harekin eta Javi Rivero jabearekin hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia