Faktoria
Ostegunean
Zuzeneko musika industriaz, "Faktoria"n
Nola dauden, nola hasi diren eta nola emango dioten egoerari buelta galdetuko diegu sektoreko profesionalei; soinu eta argiztapen teknikari, manager eta produkzioko langileen ahotsa jasoko dugu.
-
Kontzertu bateko irudia
Osasun larrialdiak etxean utzi zituen orain hiru hilabete, eta, tantaka kontzertu batzuk antolatzen hasi diren arren, lanik gabe jarraitzen dute gehien-gehienek. Etorkizun hurbilean ez da argirik euren sektorean, eta derrigorrezko jo dute erakunde publikoen babes eraginkorra. Nola dauden, nola hasi diren eta nola emango dioten egoerari buelta galdetuko diegu "Faktoria"n ostegun honetan sektoreko profesionalei. Besteak beste, soinu eta argiztapen teknikari, manager eta produkzioko langileen ahotsa jasoko dugu.
09:30ean izango da hori. Aurrez, solasaldiaren garaian, Xabier Riezu, Martxelo Otamendi eta Javier Diaz-Noci eguneko albiste nagusiei buruzko analisia egiten arituko dira.
Ostegunero bezala, Aingeru Epaltzarena izango da 08:00ak aurreko sinadura.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, krisi garaian enpresak «nazionalizatzeaz» hitz egingo digu Endika Alabort ekonomialariak. Jarraian, posta bidezko botoaz hitz egingo dugu Josean Catalan LABeko kidearekin. 11:00etako albistegiaren ostean, itsasoko kontuak ekarriko dizkigu Xabier Alberdik, eta, jarraian, "Pikuak" webseriea igandean eitb.eus-en estreinatuko dela eta, Maddi Castro zuzendariarekin eta Miren Nogales eta Amaia Ruiz De Galarreta aktoreekin hitz egingo dugu. 12:00etako albisteak entzun ondoren, berriz, Euskal kantagintza berria liburua berriro argitaratu dutela eta, Pako Aristi idazlea elkarrizketatuko dugu.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".