Itxi

Faktoria

Ostiralean

PPko Laura Garrido, hauteskunde elkarrizketan, "Faktoria"n

Ezkontza homosexuala Kode Zibilean onartu zela 15 urte beteko direla eta, garai hartan ezkondu zen Mikel Otxotorena elkarrizketatuko dugu.

  • Laura Garridoren artxiboko irudi bat

    Laura Garridoren artxiboko irudi bat. Argazkia: EiTB

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren baitan, ostiral honetan, PPko Laura Garrido elkarrizketatuko dugu "Faktoria"n, 08:30etik aurrera. Bestalde, ezkontza homosexuala Kode Zibilean onartu zela 15 urte beteko dira. Mikel Otxotorena aldaketa egin eta gutxira ezkondu zen. 09:30ean hitz egingo dugu harekin. Gainera, eraikin eta barne espazioetan birusetik babesteko proiektuaren berri izango dugu. Industri Ingeniarien Elkargoa eta Medikuntza Zientzien Akademia batu dira, Rafael Bilbao ingeniariak emango dizkigu azalpenak.

10:00etan hasiko da udako magazina, Gorka Otaegik gidatuta. Hasteko, 'zaratategia' ekarriko digu Irati Sarasua kazetariak. Gainera, Bilboko Zine Sorkuntza Eskolaren irekiera izango da Artiach lantegi zaharrean, eta Maitane Carballo soinu eta muntaia irakaslearekin izango da bertan Amaia Artetxe lankidea. Jarraian, industria altxorrak berreskuratzeko tartea izango dugu uda honetan ere, eta, aste honetan, Karrantzako Dolomitas del Norte lantegia ezagutuko dugu. Tamara Ferrari bertara joango da Javi Puertas Industria, Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko presidentearekin, eta Marta De La Hoz Dolomitas museoko gidarekin hitz egingo dute.

11:00etako albistegiaren ostean, Ugaitz Alegria antzerki coach-aren tartea izango dugu, eta segidan, Cirque Du Soleil-en porrotaz hitz egingo dugu bertan lan egin zuen Audrey Ispizuarekin. Zirkua utzi gabe, Gure Zirkua martxan da berriz ere, eta Iker Galartzak kontatuko dizkigu denboraldi berriari buruzko xehetasunak. Azkenik, Zirku Italiarrean lanean aritu den Kattalin Ansorena ere batuko zaigu. Umoreari eutsiko diogu Telmo Irureta aktorearekin. Bere biografian oinarritutako filma bukatu ezinik dabil eta 'Barre Librea'n arrakasta handia izan du. 

12:00etako albisteak entzun ondoren, Amaia Artetxe lankidea San Mames aurrera joango da, “Gu ere bai” plataformak deituta, kirolariak euskaraz adierazteko eskubidearen alde egingo duten bilkurara. Ondoren, Ane Lindane eta Eunate Sarasola 'birus ehiztariak' izango ditugu, eta, bukatzeko, Huntza taldeak Euskadiko Orkestrarekin grabatutako abestien harira, Josune Arakistain abeslariarekin hitz egingo dugu.

07:00etatik 13:00etara izango da zabalik "Faktoria".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia