Faktoria
Jose Antonio Azpiazu
"Esklaboak erosten zituzten altzariak balira bezala"
'Esklaboak eta trafikatzaileak. Historia ezkutuak Euskal Herrian' liburua argitaratu zuen Jose Antonio Azpiazu historialariak orain dela 23 urte. George Floyden heriotzak pil-pilean jarri du gaia.
-
Jose Antonio Azpiazu historialaria
12:20 min
Euskal Herrian ere merkatariak esklabotzan aritu zirela frogatzen zuen liburua argitaratu zuenean, jende askok bere lana zalantzan jarri zuela dio Jose Antonio Azpiazu historialariak. 23 urte pasa diren honetan, liburu hari hautsa astintzeko eskatu diogu Euskadi Irratiko Faktorian.
XV-XVI. mendeak ikertu zituen nagusiki liburuan Azpiazuk, eta dokumentatu zuen, esaterako, Donostiako Trinitate Plazan, esklaboen enkante bat egin zutela: "Merkatariek erosten zituzten, altzariak balira bezala". Geroago, XIX. mendean, "hemengo merkatari batzuk izugarri aberastu ziren esklaboak Ameriketara eramanda", gaineratu du. Zulueta, Matia, Calvo... Gure kale izendegia esklabotzari lotutako pertsonaiez josita dago. "Garai hartan gertatu zena ahaztu daiteke, baina goraipatzea... arraroa egiten zait", aitortu du Azpiazuk.
George Floyden heriotzak hautsak harrotu ditu, eta Amerikako Estatu Batuetan aitzakia izan da bere iragan kolonialaz eta esklabotzaz hitz egiteko. Eta zer egin garai ilun horiek, gogorarazi ez ezik, goraipatzen dituzten eskultura eta bestelako oroitarriekin? "Garai hartan zer pentsakera zegoen kontatu behar da. Historiagileen kontua izan beharko litzateke kokatu eta garai hartako giroa adieraztea", iritzi dio Azpiazuk.